BRT-Menditarrak errugbi taldeak ortziralean erabakiko du aitzinera egin ala ez

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 20a, 14:00

Jokalari eskasiagatik BRT-Menditarrak errugbi taldeko seniorren taldea desagertzeko arriskuan egon da, baina badirudi egoera horri buelta eman diezaioketela. Abuztuaren 2an hasi zuten aurre-denboraldia eta geroztik, entrenamendu bakoitzean 20-25 lagun agertu direla eta, «baikor» daude zuzendaritzako kideak.

Lehengo jokalariez gain, taldean aritzeko prest dagoen jende berria agertu dela jakinarazi dute zuzendaritzatik. Hala ere, hori berri ona den arren, argi dute «gauzak bere neurrian» hartu nahi dituztela, «beldurra ematen digulako udazkenean eta negu aldera ez hainbertze jende agertzeak». Ortzirale honetan eginen dute jokalariekin bilera eta orduan galdetuko diete ea bakoitzak nolako prestutasuna duen. «Horren arabera erabakiko dugu euska ligan izena eman ala ez».

Harrobiko taldeek aitzinera

Seniorren taldearen erabakiaren esperoan egon gabe, errugbi taldeko gaztetxoek aitzinera eginen dute. Hain zuzen, asteburu honetan hastekoak dira. Horrez gain, Ordizia Errugbi Elkartekoak Lekarozen izanen dira asteburu  honetan. Ez hori bakarrik. Larunbatean, abuztuak 24, Euskal Errugbi Ligako partidaz gozatzeko aukera izanen da Lekarozko zelaian: Ordiziko eta Angeluko errugbi taldeak partida jokatuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun