Errugbia estualditik ateratzeko azken saioa

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 27a, 12:49
Abuztuaren 2an hasiko dute aurre-denboraldia BRTeko jokalariei eta senior taldeari eusteko azken saiakera egin nahi dute.

Jokalari eskasiagatik BRT-Menditarrak errugbi taldeko seniorren taldea desagertzeko arriskuan dago eta, ondorioz, talde osoaren etorkizuna ere kolokan dago. Abuztuaren 2an hasiko dute aurre-denboraldia eta eskualdeko gazteei errugbia ezagutzera joateko deia egin diete.

«Taldea hiltzen bada, berpiztea arras zaila izanen da». Halaxe, argi, mintzatu da Juan Angel Perotxena BRT-Menditarrak errugbi taldeko zuzendaritzako kide elizondoarra. «Etorkizuna ez dut argi ikusten», gaineratu du. Jokalari eskasiagatik seniorren taldea kolokan dago, baina horrek BRT-Menditarrak talde osoaren etorkizuna ere zintzilik utz dezakeela ohartarazi du Perotxenak eta, ondorioz, 40 urteko ibilbidea duen taldearen akabaila izan daiteke. «Lan handia egin dugu baina BRT-Menditarrak desagertzeko arriskuan dago».


Lagun-talde baten ametsa
«1978an lagun kuadrilla bat elkartuta» sortu zen Baztango errugbi taldea, eta geroztik ibilbide oparoa egin du. Garairik onenetan, «orain dela hamar urte, seniorren mailan 50 jokalari inguru» ere izan zituela kontatu digu zuzendaritzako kideak: «denboraldi horietan, seniorren bi talde ziren, bat Liga Nazionalean eta bigarren bat Euskal Ligan. Horrez gain, jubenilak, errugbi eskola eta nesken taldea bagenituen». Nesken taldearen harira, «berreskuratzea polita» izanen litzatekeela onartu du.
Baina egoera horretatik urruti daude. Gaur-gaurkoz konpromiso osoarekin guttienez 22 jokalari beharko lituzkete seniorren taldea mantentzeko, eta horretarako prest daudenak 17 baino ez dira. Perotxenaren ustez, «benetako arazoa konpromisoa» da: «jokalari batzuk denboraldia sekulako seriotasunarekin hartzen dute eta entrenamendu eta partida gehienetara joaten dira. Baina bertze batzuek ez dute konpromisoa %100ean hartzen eta horiekin lan egitea zaila da». Talde «amateurra» direla oroitarazi du eta «lan kontuagatik edo arazo pertsonalengatik huts egitea ulertzekoa» dela dioen arren, «alferkeriagatik edo bertze zerbait egiteagatik kale egitea» ez du ulertzen. Bere irudiko, «jarrera kontua da. Negua eta denboraldi hasiera guretako garairik zailenak izaten dira eta kalte handia egiten digu jarrera horrek. Ezin dugu entrenamendu seriorik egin».
Jokalari faltaren ondorioetako bat 2019/2020 denboraldian Euskal Ligan izenik ez ematea izan da. Baina ez dute itxaropena guztiz galdua. Abuztuaren 2an hasiko dute aurre-denboraldia eta orduan ikusi nahi dute: «jende berria animatuko dela eta jokalari batzuen konpromisoa aldatuko dela pentsatu nahi dut. Ez bada hala, bakoitzak bere bidea hartuko duela iruditzen zait».
Egoera iraultzeko hainbat saiakera egin ditu BRT-Menditarrak-eko zuzendaritzak azken hilabete hauetan. Maiatzean eman zuen egoeraren berri eta jokalari eskasiari aitzin egiteko, maiatz hondarrean eta ekainean eskualdeko gazteek errugbia ezagutzeko hainbat hitzordu finkatu zituzten. Erantzuna ona izan zela adierazi zuten zuzendaritzatik: «egun horietan gazte andana hurbildu zen errugbia probatzera». Gehiago ere bai: «iraganean BRTn jolastu zuten jokalari batzuk ere taldera itzultzeko asmoa» adierazi omen zuten. Baina ez zen aski izan.


Harrobiko taldeak osasuntsu
Helduen taldea da airean dagoena. Bertzelakoa da, ordea, gibeletik heldu diren errugbi taldeko gaztetxoen mailan ari direnen egoera. Perotxenak azaldu digunez, talde «dezente» ditu BRT-Menditarrak-ek: «errugbi eskola Ultzaman eta Baztanen, bakoitzean 20 jokalari ingururekin; 14 urtetik beheitikoen taldea hamar jokalarirekin; 16 urtetik beheitikoak 18 jokalarirekin eta jubenilak, 18 urtez beheitikoak, 12 jokalarirekin». Azken urteotan Irungo errugbi taldearekin elkarlanean osatzen dituzte gaztetxoen taldeak. Gainera, «gazteak gogo handiarekin» sumatzen ditu Perotxenak, «osasuntsu daude eta talde politak dira». Azaldu digunez, «seniorren taldea desagertzen bada, harrobiko taldeen ibilbidea gutienez urte batez luzatzea erabaki dugu».
Etorkizuneko jokalari horiek etxeko taldean jokatzeko aukera izan dezaten seniorren taldearen segida bermatzea gakoa izanen da. Azken denboraldian, mailaz jautsi dira, Euskal Ligako bigarren mailara, eta hori «aukera bat bezala» ikusten du Perotxenak: «hasierako ezustea gaindituta, jende berria sartzeko momentua dela pentsatzen dugu. Partida gogorrak izanen dira, baina bertze batzuk eskuragarriagoak. Beraz, denek jolasteko eta ikasteko aukera izanen dute».
Atearen zirrikitua erabat itxi gabe egin nahi dute azken saiakera. Helburu horrekin, «jokalari ohiei zuzendaritzan edo bertze lanetan inplikatzeko» eskatu die eta «zonaldeko gazteei, neska eta mutikoei kirol hau probatzeko gonbidapena» egin die. «Topikoa bada ere, edozeinek aurkituko du bere lekua taldean». Abuztuaren 2an dute hitzordua, Lekarozko errugbi-zelaian. Akaso bere garaian Perotxenari gertatu zitzaiona gertatuko zaie hurbiltzen direnei; «errugbiarekin engantxatu» eta trukean «aunitz» jaso: «lagunak, jende eta leku aunitz ezagutzeko aukera, diziplina, lasaitasuna, irriak...». Horixe izan daiteke Baztanen halako arrastoa utzi duen taldea estualditik ateratzeko bidea.

Baztan BRT taldekoekin solasean

«BRT bigarren familia bat bezala da»

Futbolean «nekatu» zelarik, «bertze kirol bat probatzeko gogoari» tiraka, duela sei-zazpi urte sartu zen BRTn, «lehendik taldean ari ziren kuadrillako batzuen» arrimuan. Hasmentatik «arras gustura» dabilela aitortu digu, eta «bigarren familia bat» egin omen du BRTn: «jende aunitz ezagutu dut, lagun aunitz egin... giroa bikaina da eta hori ezin da ordaindu». Seniorren taldearen egoera ikusita «pena» sentitzen badu ere, ez du etsi nahi: «desagertu ez dadin saiatuko gara bukaera arte».

«Ea taldea aitzinera ateratzen dugun»

Duela lau urte, 15 urte zituela, «judoa utzi eta errugbian jolastera animatu» zen Etulain, herriko lagunak errugbian «arras gustura» zebiltzala ikusita. Ez da damutu hartutako erabakiaz,  errugbiak «lagun berriak egiteko, kirola egiteko eta toki berriak ezagutzeko aukera» eman baitio. Seniorren taldearen inguruan, «hainbertze urtetan izan den taldea galtzea pena» litzatekeela aitortu digu, eta hortaz, «denei probatzeko» dei egin die, «ea denon artean taldea aitzinera ateratzen dugun».

«Gero eta haur gehiago daude taldean»

Duela hamar bat urte sartu zen BRTn, ikastaro batzuetan izena eman eta «pixkanaka txapelketetan parte hartzen» hasi zenean. Halere, animatzeko azken bulkada «anaia errugbian hasitakoan» eman omen zuen. Errugbiak «aunitz» eman diola dio, baina orain, «eskualdea ezberdina den kirol bat praktikatzeko aukerarik gabe gelditzeko arriskuan» ikusten du, «gazteak batez ere. Izan ere, gero eta haur gehiago ditugu taldean». Hortaz, «edozein probatzera animatuko nuke».

«Ezin dugu taldea desagertzen utzi»

12 urtez pilotan ibili ondotik, 18 urterekin utzi eta «errugbian jokatzen zuten herriko lagunek» animatuta BRTn sartu zen. «Arras gustura» ibili da geroztik. Taldeari esker «lagun on aunitz» egin ditu, baita bestak ere, «arras giro onean». Jende falta dela eta, argi dio: «ezin dugu taldea desagertzen utzi. Seniorretan jokatu nahi duten gazte aunitz dago gibeletik». Animatzeko deia luzatu du: «berdin dio kirola ez baduzue inoiz egin». Beretako «disfrutatzea» da kontua.

«Hasieratik taldeko parte sentiarazi naute»

Anaia BRTn zela «kuriositatea» piztu eta hala sartu zen taldean orain lauzpabortz urte. «Taldeko ia inor ez ezagutzeak hasmentan kezka» sortu bazion ere, «segidan taldeko parte» sentiarazi zuten. Taldeko giroa «lagunartekoa» dela dio, «kuadrilla bat irabazi dut». Azken aldian, ordea, «kezkatuta» dabil taldearen etorkizunarekin: «duela urte ainitz hasi zen talde honek aitzinera segitzea espero dut eta gure gibeletik heldu diren gazteek guk bizi dugunaz gozatu ahal izatea».

«Desagertuz gero zaila da berreskuratzea»

«Beti errugbia probatu nahi izaten nuen eta BRTn giro ona zegoela entzuna nuenez»  orain zazpi urte taldean sartu zen. Eta gustatu zitzaion. Urteotan errugbiari esker «lagun handiak» eta «besta batzuk», egin dituela dio umoretsu. Gainerakoan, «urte aunitzetan taldea aitzinera ateratzeko» egin den «lan pilaren» ondotik, orain seniorren taldea arriskuan ikusteak tristura sortzen omen dio: «behin desagertuta zaila ikusten dut berreskuratzea».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun