Zigako orgak eskuratu du Baztandarren Biltzarrako orgen desfileko lehendabiziko saria

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 22a, 07:15

Mila bortzehun lagunek baino gehiago bildu ziren nagusiki Baztango produktuekin osatutako bazkarian, Elizondoko merkatu plazan. Bazkariaren ondotik, musika eta dantzarekin girotu zuten baztandar guztien besta handia.

 

Eguraldia lagun, jende andana bildu zen atzo Elizondoko karriketan Baztandarren Biltzarra ospatzeko. Aurten orgen desfilea irekitzeko ohorea Bidelagun elkarteak izan du. Gizarte boluntariotza garatzeko xedez, aurten 20 urte bete dira elkartea sortu zela. Bazterkeria sufritzen dutenei laguntzen die, bertzeak bertze, Bidelagun elkarteak. Horien gibeletik joan ziren Baztango hamabortz herrietako orgak, eta baita Euskal Herriko zazpi probintzietatik etorritako musikari eta dantzariak ere.

Berrikuntza gisara, orgen desfilean AEBetatik etorritako bost euskal etxetako –San Francisco Basque Culture Center, Chino Basque Club, Kern County Basque Club, Iparreko Ibarra Basque Club eta Fresno Basque Club- dantzari eta musikariak ere izan ziren. Guztiek desfilean parte hartu ez zuten arren, 160 lagun etorri ziren Baztandarren Biltzarrara.

Bazkariaren txanda

Desfilea akituta, Elizondon batutako ehunka lagun, Merkatu zelaira joan ziren bazkaltzera. Giro ezin hobean, nagusiki Baztango produktuekin osatutako menuaz gozatzeko parada izan zuten. Bazkariaren ostean, orgen desfileko lehen hiru postuen berri eman zuten Baztandarren Biltzarra elkarteko kideek. 58 punturekin, bigarren urtez jarraian, Zigako orgak eskuratu zuen lehen postua. 1960ko hamarkadara egin dute gibelerat Zigekoek. Ziberne deituriko xokoan, kaoline nola ateratzen zen ekarri zuten gogora, bertzeak bertze. Haientzat izan da Mikel Iriarte artistak egindako boneta formako oroigarria.

Puntu batera gelditu zen Gartzaingo orga; 57 puntu eskuratu zituen. Baztanen gosete handiak izan ziren garaiak hartu zituzten gaitzat. Egungo aberastasunik ez zenez, lurrak ematen zuen guztia aprobetxatzen zuten, eta hori islatu zuten beren organ. Hirugarren, ordea, Berroetak egin zuen. Memoria historikoa izan zen berroetarren orgaren oinarria. 1938ko maiatzaren 21ean, Valeriano Intxauxpe herritarraren historia gogoratu zuten. Hamabortz herrietako ordezkariekin osatutako epaimahaiak 45 puntu eman zizkion, eta hirugarren sailkatu ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun