Erdizko meategiaren proiektuaz

Erdiz Bizirik taldea berriz ere lanean hasi da Magnaren asmoei aurre egiteko

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2019ko uzt. 17a, 16:40

Maria Goienetxe, Jon Elizetxe eta Mikel Sobrino, uztailaren 17an Arizkunenean egindako agerraldian. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Ingurumenaren eta tokiko ekonomiaren aldeko elkarretaratzea antolatu du Baztandarren Biltzarra bezperan, uztailaren 20an, 20:00etan Elizondoko plazan

2008an baztandarren aurkakotasun jendetsu, jarraitu eta sendoak Erdizeko harrobi proiektua geldiarazi ondotik, berriz ere, Rouiller multinazionalarena den Magnak Erdizen harrobia egiteko proiektuaren tramitazioa hasi du. Asmo horiei aitzin egiteko, berriz ere martxan jarri da Erdiz Bizirik taldea eta elkarretaratzea du Baztandarren Biltzarra bezperarako.

Erdiz Bizirik Taldearen izenean agerraldia egin dute uztailaren 17an Arizkunenean Maria Goienetxek, Jon Elizetxek eta Mikel Sobrinok. «Nafarroako Gobernuak uztailaren 5ean, San Fermin besten hasieran, jakinarazi zuen hilabeteko epea irekitzen zuela proiektuari buruzko “iradokizunak” hartzeko. Lehengo lepotik burua, hortaz; uda tenorean, herritarrek burua bertze nonbait dutelarik, besten eta oporren aldian, teknikariekin egoteko eta txostenak egiteko tenore makurrean… Betiko beren estilo bihurrian», aipatu dute.

Aitzineko aldian bezala Magnaren magnesita goxokia Erdizen dago, Baztangoak diren lurretan: bai udalerri barnean diren lurrak direlako edo bai Baztanek lur horiek jabetzan dituelako. 

Erdizek balio ekologiko handia duela gogorarazi dute eta, horregatik, Aldude Mendi izeneko Babes Bereziko Eremuan dago, Europaren gerizpeko Natura 2000 sarearen barnean. «Baina Erdiz gainera Baztango bazkaleku komunalik handiena da –azpimarratu dute–. Urtero lauretan hogei baserri baino gehiagoko aziendak han alhatzen dituzte. Hortaz, tokiko ekonomian alimaleko balioa duen inguruaz ari gara. Magnaren harrobiak, argi eta garbi tokiko ekonomia eta balio handiko ingurua erraustuko lituzke, hogei urtez. Hori da batzuek proposatzen diguten aitzinamendua, ehunka urtetan iraun duen ingurune eta ekonomia hogei urteko epean xehatu, hori baita Magnak Erdizi buruz egiten duen aurrikuspena». 

 «Magnaren proposamena eta Baztanen etorkizuna ez dira bateragarriak»

Magnaren proposamena eta Baztanen etorkizuna ez dira bateragarriak, Erdiz Bizirik taldearen ustez. «Magnak Rouiller multinazionalaren akziodunendako lana egiten du, eta beraiek Erdizetik atera dezaketen gauza bakarra ingurua zulatuz eta deseginez da. Baztango etorkizunak berriz Erdizeko bazkalekuak behar ditu, nekazariak atxekitzeko, kalitatezko produktuak produzitzeko, paisaia ikusgarriak eta landa turismoa izateko, nortasuna eta kultura zaintzeko, Baztango lurralde ekonomia tokiko aktibitateen elkarekintzan oinarritzen dena indartzeko… Erdizen alde egiteak ingurumenaren eta tokiko ekonomiaren alde egitea erran nahi du, etorkizunaren alde. Magnarena suntsitze hutsa da».

Betiere, Erdizeko oraingo proiektuari buruz kontuan hartu behar da 2017an Espainiako Auzitegi Gorenak Zilbetiko harrobi proiektua behin betiko baliogabetu zuela. «Eta aski kontuan hartzeko epaia da Zilbetikoa», Erdiz Bizirik taldearen erranetan, «Erdiz bezala, Aldude Mendi izeneko Babes Bereziko Eremu berean baitago. Hortaz, aitzinkari horrekin oraingo pausua ez dugu ulertzen ahal; ez bada Nafarroako Gobernuarekin gaurgero aferak aitzinatuak dituztela. Hori horrela bada, funtzioetan den Geroa Bairen gobernuari edozein azpijokoren aitzinean erne ibiliko garela jakinarazi nahi diogu».

Kontua ez da nolanahikoa, zeren berriki jakin baita, uztailaren 3an Nafarroako Gobernuak Magnaren Zubiriko lantegiaren zabalpena foru intereseko izendatu duela. Erdiz Bizirik taldearen arabera, «bertze behin, Manu Ayerdiren itzal luzea nabari da jokaldian. Hortaz, beren helburua ez al da izanen Erdizeko proiektua Udalez Gaindikoa den Plan Sektoriala bezala bideratzea? Hori hala balitz ingurunearen eta tokiko ekonomiaren kontrako erasoa izateaz gain, Baztanen kontrako eraso zuzena litzateke, gure erabaki ahalmenaren kontrakoa».

Bertzalde, aipagarria da Ekologistak Martxanek berriki argitaratu duen txosten baten arabera Zubiriko Magnesitas de Navarra enpresaren inguruan iaz hamaika aldiz gainditu zela Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatzen dituen SO2 mailak. “Solasak solas hori da Magnaren konpromisoa inguruari eta herritarrei buruz», dio.

 

Elkarretaratzea uztailaren 20an Elizondoko plazan

Gauzak horrela, Erdiz Bizirik taldea berriz lanean hasiko da. Alde batetik Magnak aurkeztutako memoriaren irakurketa teknikoa eginez eta dagozkion “iradokizunak” eginen direla segurtatuz, baina batez ere herritarren mobilizazioa bultzatuz. Horrela, Baztandarren Biltzarra bezperan, elkarretaratzea eginen dute Ingurumenaren eta tokiko ekonomiaren alde: Erdiz Bizik lemapean, larunbat honetan, 20:00etan Elizondoko plazan. 

Aitzineko aldian bezala baztandarren aurkakotasun jendetsu, jarraitu eta sendoa antolatuko du Erdiz Bizirik taldeak. «Eta horri buruz, lehendabiziko pausu ttipia larunbatekoa izanen da. Erdiz gelditu genuen eta berriz geldituko dugu!}, adierazi dute.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun