Oronozko San Martin eskolako ikasle ohiek urteko ospakizuna eginen dute ekainaren 29an

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2019ko eka. 28a, 13:00

Oronozko ikastetxeko ikasle-ohiak 2013an egindako ekitaldian.

Garai bateko ikastetxeko frontoi zaharberritua inauguratuko du Oronoz-Mugairiko herriak, profesionalen arteko partidarekin 

Oronozko San Martin ikastetxeko ikasle ohiek urteroko anaitasun besta ospatuko dute ekainaren 29an. Ekitaldia aprobetxatuko du Oronoz-Mugairiko herriak garai bateko ikastetxeko pilotaleku zaharberritua inauguratzeko.

Ikasle ohi gehienak ortziralean ailegatzen hasiko dira Oronozera, eta afari batean bilduko dira, baina larunbatean eginen dute besta, ohikoa denez, egitarau zabal eta aberatsarekin.

Larunbat goizeko 10:30ean meza emanen du Oronozko elizan Ramon Apezetxea apezak (garai batean ikastetxeko zuzendari ere izan zen). Juan Cruz Ripollek joko du organoa eta Mari Carmen Torroba sopranoak kantatuko du. Ondotik, Oronoz-Mugairiko herriak antolatua duen jaialdia hasiko da, Aitatxi eta Amatxi erraldoien bedeinkapenarekin. Ikasleen argazki erakusketa eginen dute eta Segundo Gangoitia anaiaren ohorez, bere irudia margotuko dute frontoiaren gibeleko horman.

 

Ezkurdia eta Rezusta, Irribarria eta Zabaletaren kontra

Ikastetxeko frontoia zaharberritu da, Nafarroako Gobernuko Kirol eta Gaztediaren Institutuak eta Balleko Etxeak sinatutako hitzarmen baten bidez. Barneko eta kanpoko hormak garbitu, zuloak eta artekak estali eta margoketa lanak egin dituzte, 17.182 euroko aurrekontuarekin. 12:30ean, Aspe enpresako goi mailako profesionalen arteko pilota partida jokatuko da: Ezkurdia eta Rezusta, Irribarria et Zabaletaren kontra. Pilota munduko hainbat pertsona ezagun gonbidatuak dituzte. Urteroko argazkia atera ondotik, Urgain jatetxean eginen dute bazkaria.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun