Igande honetan Otsondoko igoera eginen dute

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2019ko eka. 21a, 13:00

Administrazio arazoak tarteko, hasieran Otsondoko kronoeskalada izan behar zuena, azkenean Otsondoko igoera izanen da

KronoEskaladak elkarteak presoen eskubideen alde antolatu duen Nafar Erresumako kronoeskalada txapelketako bigarren hitzordua izanen da igandean Urdazubitik Otsondora eginen dena. Hala ere, Otsondokoa ez da lehiakorra izanen, ibilaldi zikloturista baizik.

Nafarroako Gobernuko segurtasun departamentuak ez die lasterketa lehiakorra egiteko baimenik eman eta hortaz, ibilaldi zikloturista izanen da. Parte-hartzaileak Urdazubitik aterako dira baina 30 segundoko tartearekin. Lehenbizikoa 10:00etan abiatuko da eta hortik aitzinera gainerakoak. Otsondoko portura dauden 8,56 kilometroak bizikletaz egin beharko dituzte. Aipatu, ibilbideak 475 metroko malda duela. Lehiakorra izanen ez bada ere, antolatzaileek iragarri dutenez, Otsondoko erregina eta erregea izendatuko dituzte «aplikazio bati esker», hau da, Nafarroako Joana I.a eta Antso III.a Garzeitz Nagusia izendatuko dituzte. Aitzitik, ezin izanen dute parte-hartzaile guztien sailkapen nagusia atera.

Izen-ematea aitzinetik web orriaren bitartez edo egun berean (garestiago) egiten ahal izanen da. Bertzalde, antolatzaileek Otsondo gainean aparkatzeko aholkatu diete parte-hartzaileei: «horrela, ailegatutakoan musikaz eta euskal pastelaz gozatzeko parada izanen dute».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun