Hauteskunde kanpainako ekitaldi nagusia egin zuen Baztango Geroa Baik asteartean Elizondon. Nafarroa gehiago, etorkizun gehiago, Uxuerekin denok irabazle goiburupean, Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidentea bera, Manu Ayerdi garapen ekonomikorako presidente ordea, Joseba Moreno Baztango alkatetzarako hautagaia eta hautes-zerrendako bertze zinegotzigaiak izan ziren ekitaldian.
2015ean zerrendaburu eta gaur egun Baztango Balleko Etxean zinegotzi den Ruben Zigandak aurkeztu zuen ekitaldia. Geroa Baik lau urteotan Gobernuan egin duen lana azpimarratu zuen Manu Ayerdik, «Nafarroako eskualde guztiak duela lau urte baino hobe daude gaur egun», adieraziz.
Joseba Moreno alkategaiak, beraien programaren Baztan Bai/Baztan Bizirik 2030 leloarekin bat eginez, «Baztanendako etorkizun duin» baten aldeko apustua egin zuen. Uxue Barkosek euskararendako solas batzuk egin zituen, «gurasoek eman diguten altxorra» dela aipatuz.