Hauteskundetako ekitaldi nagusia egin du Baztango EH Bilduk

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 16a, 09:13

Joseba Otondo hizlari, astelehenean Elizondon EH Bilduk egin zuen ekitaldian. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Berriz ere alkate izateko asmoz aurkeztu den Joseba Otondorekin batera, Bakartxo Ruiz Nafarroako Gobernuko presidente izateko hautagaia izan zen hizlari 

Baztango EH Bilduk hauteskundeetako ekitaldi nagusia egin zuen astelehenean Elizondoko Foru plazan. Berriz ere alkate izateko asmoz udal hauteskundeetarako zerrendaburu izanen den Joseba Otondorekin eta bertze zerrendakiderekin batera, Bakartxo Ruiz, Nafarroako Gobernuko presidente izateko hautagaia eta Miren Aranoa parlamentaria izan ziren.

Marijo Garmendia kazetariak eta udal hauteskundetarako hautagaiak aurkeztu zuen ekitaldia eta Jon Barberena bertsolariak eta olerkariak kantatu zuen.

Joseba Otondok, EH Bildu alkatetzan izan den azken zortzi urtetako balantzea egin zuen. Ekonomia arloan, udalaren zorra 9 milioi eurotik lau baino guttiagora murriztu dutela azpimarratu zuen eta Baztan, «justizia sozialaren eta trantsizio ekologiaren ikuspegitik eredu» dela aipatu zuen. Akitzeko, EH Bilduren programaren lau zutabeak zein diren erran zuen: etxebizitza eskubidea, adinekoen zaintza sendotzea, ekonomia eta lana bultzatzea bertakoa sustatuz eta euskararen, berdintasunaren eta parte-hartzearen transbertsalitatea.

Bakartxo Ruizek Baztanek Nafarroan duen garrantzia azpimarratu zuen, baita sinbolikoki ere: «XXI. mendeko Amaiur gara, gaur egungo erresistentzia gara», adierazi zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun