Baztango Geroa Baik Gobernu taldearen etika eskasa salatu du aurrekontuei dagokienez

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 6a, 20:30
Geroa Bai udal taldearen aurkezpena, 2015eko hauteskundeak baino lehen.

Baztango Geroa Baik EH Bildu eta Baztango Ezkerraren etika eskasa salatu du, Udaleko gobernu taldea osatzen dutenena alegia, udal aurrekontuei dagokienez. Koalizioak azpimarratu duenez, bi talde horiek lau desfibriladore eta kontrako eztarriratzearen aurkako elementu bat erosteko Geroa Baik aurrekontuei egindako zuzenketa bat atzera bota zuten baina, ondotik, elementu horien erosketa premiazko mozio bidez aurkeztu zuten haiek. 

Baztango Geroa Baik azaldu duenez otsailaren 28ko osoko bilkuran 12.000 euroko zuzenketa bat aurkeztu zuen udal aurrekontuetarako lau desfibriladore eta kontrako eztarriratzearen aurkako elementu bat (Life-Vac) erosteko jantokia duten eskola zentro bakoitzerako bai eta zahar-egoitzarako. Zuzenketa EH Bildu, Ezkerra eta Auzolanean taldeen botoekin gibelera bota zenez, Baztango Geroa Baik aurrekontuen aurka bozkatu zuen.

Plantilla organikoa dela eta, Baztango Geroa Baik azaldu du aurkako botoa eman zuela plantillak Udaleko langileriaren hazkundea zekarrelako. «Plantilla jada handia da, eta agintaldi honetan hiru lanpostu berri sortu dira. Beharrezkotzat jotzen dugu beste alternatibak ikertzea, hala nola zerbitzuren bat kanpora ateratzea edo plazaren baten amortizazioa, plaza berriak sortu baino lehen», azpimarratu du koalizioaren udal taldeak.

Baztango Udalean Geroa Bairen udal taldeak azaldu du behin osoko bilkurako gai zerrendako puntu hauek akitu ondotik, EH Bildu eta Baztango Ezkerrak premiazko mozio bat aurkeztu zutela kontrako eztarriratzearen aurkako elementuak (Life-Vac) eta desfibriladore bat erosteko. «Etika gutxiko maniobra bat da, kontuan izanda gainera Life-Vac aparatuak eta desfibriladoreak erosteko Geroa Baik mozio bat aurkeztu zuela 2018ko ekainaren 28an, eta nahiz eta onartua izan, ordutik hona ez da ezer ere egin», ziurtatu du.

Azkenik, Baztango Geroa Baik azaldu duenez, «Geroa Baitik 8.000 euroko inbertsioa eskatzen genuen erosketa hauek egiteko, eta gobernu taldetik 2.300 euroko inbertsioa egingo da bakarrik. Argi geratu dira bakoitzaren lehentasunak». 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun