Baztanek 8.769.442 euroko aurrekontu bakar eta osoa onartu du

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2019ko mar. 1a, 12:00
EHBilduk, Ezkerrak eta Baztan Auzolanean Udal taldeek aurrekontuaren alde bozkatu dute, Geroa Bai eta UPNk kontra.

Udalarena 8.048.268 eurokoa da, Baztan udal ikastolarena 690.666 eurokoa (udalaren gain 54.000 euro) eta zahar etxearena 135.508 eurokoa. Baztango aurrekontu bateratuaz gain, Giltxaurdi enpresa publikoarena ere onartu dute 429.446,28 eurokoa.

Otsailaren 28an egin zen ohiko osoko bilkuran 2019ko aurrekontu bateratua onartu zuten EH Bilduren, Ezkerraren eta Baztan Auzolanean taldeen aldeko 7 bozkekin eta UPNren eta Geroa Bairen aurkako 6 botorekin. Aurtengo aurrekontuak azkeneko urteetakoen ildoan heldu dira, gastu arruntaren egitura bertsuarekin eta zorra jaitsiz mozketa sozialik egin gabe.

Udalaren zorrari dagokionez, 2019ko urtarrilaren 1ean 4.282.431,97 eurokoa zen, sendotutako sarrera arrunten %56,15ekoa, legeak paratzen duen %110eko mugaren azpitik, eta 2011ko %130etik urrun. Urte horretan zorra 9.700.000 eurokoa zen. Onartu berri diren aurrekontuen arabera, urtearen hondarrerako zorra 3.791.831,97 eurokoa izanen da.  

Bertzalde, gastu arruntaren atala berdintsu mantentzen da, nahiz eta langileen soldatak igotzeagatik eta plantilla organikoan administrari ofizial postu berria sortzeagatik gastua pixkat igo egin den, %3,12 hain zuzen ere.

Modu berean, sarrerak ere handitu dira, batez ere transferentzia arrunten funtsa handitu delako, kasu honetan %4,89.

Aipatutakoaren ondorioz, Baztango Udalak 1.480.700 euroko inbertsio atala du aurten; udalaren gain 378.400 euro eta gainerakoa tokiko inbertsio planaren bidez, erabilera askeko funtsaren bidez eta hainbat diru-laguntza deialdietatik finantzatuko dena. 

Diru kopuruari buruz inbertsio garrantzitsuenak Zuaztoi eta Azpilkuetako saneamenduan, ur-sarearen eta zolaberritzetan izanen da, 365.450 euro eta 196.100 euro, hurrenez hurren. Bertzalde, 2015eko otsaileko erauntsiek hondatutako Sumutsuko eta Urruxkako bideak konpontzeko 79.000 euro eta 40.850 euro berezi dira. Lan hauek guztiak 2018ko kontuak itxi arte, maiatzean ez dira hasten ahalko. Bideekin segituz, Iruritako ezkerreko errekako eta Erratzuko Larretako bide nagusiak breaztatuko dira, 115.000 euro. Errepide hauek auzotarren eguneroko bizimodurako oinarrizko ardatzak dira. Bideen mantentze lanekin loturik, sasiak mozteko makina berria erosiko da eta, horretarako, 18.150 euro bideratuko dira. 

Azkeneko urteetan, bertzalde, uda sasoian Arraiozen izan duten ur eskasia saihesteko 46.000 euroko inbertsioa eginen da, Iruritako ur-biltegik hodia paratzeko. Halaber, 2014ko uholdeek hondatutako Giltxaurdi futbol zelaia konpontzeko 220.000 euroko inbertsioa eginen da; udalak bere gain 70.000 euro hartuko du. Astero, aste egunez, 380 gaztek erabiltzen dute aipatu futbol zelaia.

Gainerakoan haurren parkeetarako 12.100 eruro bideratuko dira eta Elbeteko plaza zolaberritzeko 30.000 euro. Era berean, eskoletako lanetarako 30.000 euro eta hondakin organiko sortzaile handiendako konpost ontziak erosteko 57.000 euro bideratuko dira. Mendiko lanetan, berriz, 155.000 euroko inbertsioak eginen dira eta udaleko informatika sarea berritzeko 35.000 euro.

Azkenik Bagordiko bide bazterreko zulokak edo kunetak betetzeko 9.500 euro aurreikusi dira.

Gainerakoan, Nafarroako Parlamentuak Amaiurko gazteluaren bisitarien harrera gunea egiteko 250.000 euroko diru-laguntza izenduna eman du eta Oronozko pilotalekua moldatzeko 17.500 euro.

 

Geroa Bairen emendakina baztertua eta EH Bildu eta Ezkerraren mozioa onartua 

Aurrekontuen eztabaidan Geroa Baik desfibriladoreak eta LifeVACak erosteko 8.000 euro eta herrien artean 4.000 euro gehiago banatzeko emendakina sartu zuen. Alkateak erran zien otsailaren 22an egindako ogasun batzordean aurkeztu izatera –aurrekontuen txostenak otsailaren 15erako banatu zitzaizkien– emendakina bideragarria izan zitekeela, baina hondar momentuko utzi zutenez, aurrekontuen tramitazioa gibelaraziko zutela; horregatik EH Bilduk, Ezkerrak eta Baztan Auzolanean-ek emendakinaren kontra egin zuten eta ez zen onartu Geroa Bairen emendakina. Nolanahi ere, EH Bilduk eta Ezkerrak udaltzainen autorako desfibrilagailua eta jangela duten eskoletarako LifeVACak erosteko premiazko mozioa sartu zuten, denera 2.500 euro. Mozioak alderdi guztien babesa izan zuen eta aurrekontuen tramitazioan ez du eraginik, behin indarrean dela aurrekontu moldaketa bidez bideratuko delako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun