Almandozko harrobiko bideaz aritzeko batzarrea deitu dute otsailaren 22an

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 20a, 19:00

Almandozko harrobia. Argazkia: Alicia Del Castillo

Herritarrak eta Baztango Batzar Orokorreko kideak bilduko dira ortziralean 19:00etan.

Almandozen Arritxuriko harrobitik materiala ateratzeko egin nahi den bidearen aldeko ebazpena eman du Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuak. Harrobia kudeatzen duen Canteras Acha enpresaren proposamena da, baina ez da almandoztar gehienen gustukoa. Hauek, bidea herrigunetik urrunago egitea nahi dute, 2014ean egindako batzarre batean proposatu zutenez, «beraien bizi-kalitatearentzat» mesedegarriagoa delakoan. Otsailaren 22an, 19:00etan batzarre bat eginen dute herritarrek eta Junta Generaleko kideek.

Gaur egun mahai gainean dagoen proposamena «kalterik gutien eragiten duena eta seguruena» dela uste du Ingurumen Departamentuak. Aldi berean, onartzen du etxebizitzatik hurbil igaroko litzatekeela errepidea eta neurri batzuk hartu beharko liratekeela. Almandoztarrek, aldiz, etxebizitzen eta errepidearen artean tarte ttikia dagoela gogoratzeaz gain, kamioien arazoa ez dela moldatzen adierazi dute, zati batean zeharbidetik ibiltzen segitu beharko baitute eta beldur dira harrobia handitzen den neurrian, trafikoa ere handituko dela.

Ingurumen Departamentuak dio almandoztarrek batzarrean proposatutako bideak harizti bati eragiten diola eta Luis Roldan, Almandozko alkateak, bere aldetik, harrobiak proposatutako bidea Almandozek duen eremu zelai bakarretik pasatzen dela dio eta horrek etorkizunean herriaren garapena mugatuko lukeela.

Duela aste batzuk gai honetaz aritzeko batzarra egin zuten Almandozen eta eztabaida handiak piztu ziren. Ortziralean, 19:00etan berriz batzarra izanen dute, oraingoan Batzar Nagusiko kideekin. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun