Almandozko harrobiko balizko bideak eztabaida piztu du Batzar Nagusian

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 6a, 10:47
Arritxuritik materiala ateratzeko bidea egitearen aldeko ebazpena eman du Ingurumen Departamentuak. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Arritxuritik materiala ateratzeko egin nahi den bidearen aldeko ebazpena eman du Ingurumen Departamentuak eta horren berri emateko batzarra eginen dute Almandozen.

Urtarrilaren 2an Baztanen egindako urteko lehen Batzar Nagusian, Almandozko Acha harrobiaren harira, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuaren ebazpena mahai gainean jarri zuten eta eztabaida piztu zen.

Canteras Acha S.A. enpresak kudeatzen duen Arritxuriko harrobia zabaltzeko eskaria egin zuen duela urte batzuk eta Batzar Nagusiak, txostenak aztertu eta Almandozen egindako galdeketan proposamen honen aitzinean baiezkoa nagusituta, onartu egin zuen eskaera.

Tartean, dena den, harrobitik materiala ateratzeko bide berri baten beharra ere ikusi zen eta horrek ere, bere garaian, eztabaida piztu zuen. Herritarren artean ezadostasunak izan ziren eta prozesua uste baino gehiago luzatu da urteetan, ingurugiro txostenak tarteko.

Urtarrilaren 2ko Batzar Nagusian, Ingurumen Departamentuaren baiezko txostenaren berri eman zen. Juan Kruz Iriarte, mendi zinegotziak, Almandozen herritarren batzarre bat egitea proposatu zuen, Ingurumen Departamentuak onartutako balizko bidearen inguruko informazioa helarazteko, herritar guztiak jakitun izan eta, horren arabera, erabakiak hartzeko.

Era berean, Batzar Nagusiko kideak bilduko dituen bertze bilera informatibo bat egitea ere proposatu zen, hauek ere informazio osotua jaso dezaten eta honela, denek egoeraren jakitun, erabakia har dezaten. Luis Roldan, Almandozko alkateak deitoratu egin zuen urte anitz daramatela afera honekin eta Almandozko herritarrak nardatuak daudela adierazi zuen. Behingoan bide berria nondik joanen den jakin nahi dutela eta herritarrei lekua bertatik bertara erakustea nahi duela.

Batzar informatiboak egitea eta denak egoeraren jakitun izatean, bide berriaren inguruko erabakia hartzekotan gelditu ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun