Iruritan eta Lizarran jokatuko dira Nafarroako Bertsolari Txapelketako azken bi final-laurdenak

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 14a, 12:00
Irurita eta Lizarran kantari ariko diren hamabi bertsolariak.

Eskualdeko bertsolariei dagokienez, larunbatean Iruritan Leitzako Illarregi anaiak, Berako Patxi Castilo beratarra, Xabi Maia elizondoarra eta Xabier Terreros lesakarra ariko dira eta igandean Lizarran Julen Zelaieta beratarra, Josu Sanjurjo lesakarra, Amaia Elizagoien oronoztarra eta Diego Riaño leitzarra ariko dira

Heldu den asteburuan jokatuko dira 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako hirugarren eta laugarren final-laurdenak. Larunbatean, otsailak 16, Iruritan izanen da saioa, eta igandean, otsailak 17, Lizarran. Pasa den asteburuan jokatu ziren lehen bi final-laurdenak, Tuteran eta Urdazubin, eta heldu den asteburukoekin itxiko da fase hori. Finalaurrekoen txanda etorriko da gero.

Larunbatean, Iruritan, ondoko sei bertsolari hauek izango dira oholtza gainean: Xabi Maia, Xabier Terreros, Joanes Illarregi, Patxi Castillo, Xabat Illarregi eta Endika Legarra. Azken bi hauek lehen aldiz hartuko dute parte txapelketa batean, aurre-kanporaketetan sailkatu ostean. Zigor Gartzia “Zian” ariko da gai-jartzaile lanetan. 17:30ean abiatuko da saioa, Iruritako Gizarte Bilgunean. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Baztango Udalaren laguntzarekin antolatu du saioa.

Igandean izango da laugarren eta azken final-laurdena, Lizarran. Taula gainean izango dira Eneko Lazkoz, Julen Zelaieta, Josu Sanjurjo, Amaia Elizagoien, Sarai Robles eta Diego Riaño bertsolariak. Ander Aranburu izango da gai-jartzailea. 17:30ean emango zaio hasiera, Lizarrako Gazteriaren Etxean. Lizarrako Udala da saioan laguntzaile.

Batean zein bestean, Arkaitz Goikoetxea, Amaia Telletxea eta Joseba Beltza ariko dira epaile lanetan. Haiena izango da bertsolarien lana puntuatzeko ardura. Saioetako irabazleek zuzenean eskuratuko dute finalaurrekoetan kantatzeko aukera; gainerakoek, final-laurden guztietan zer pasa itxaron beharko dute, puntuazioaren arabera sailkatzen diren ala ez jakiteko. 24 bertsolari ariko dira final-laurdenetan, eta 18rentzako tokia izango da finalaurrekoetan.

 

Sarrerak salgai

Zazpi eurotan eskuratu daitezke saioetarako sarrera arruntak, lau eurotan sei eta hamasei urte bitartekoen kasuan, eta bost eurotan Bertsozale Elkarteko bazkideen kasuan. Sarrera guztiak www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke, bai eta ondorengo puntu fisikoetan ere: Iruritako kasuan, Elizondoko Fantxike Dendan. Lizarrako kasuan, Olgarenea natur dendan. Bi puntu horietan eskuratu daitezke martxoaren 23ko finalerako sarrerak ere.  

Interneten, www.bertsozale.eus atarian aurkitu daiteke txapelketarekin lotutako informazio guztia, bai eta Nafarroako Bertsozale Elkartearen Facebook eta Twitter (@unibertsoa) kontuetan ere. Edozein informazio eskuratzeko, gainera, nafarroa@bertsozale.eus helbidean edota 948143747 telefonoan jar zaitezkete gurekin harremanetan. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun