Azken hamar urteotan 38 komertzio baino gehiago itxi direla salatu du Bertan Baztan elkarteak

Ttipi-Ttapa 2018ko abe. 19a, 10:10
Isabel Gonzalez, Angel Arraztoa, Javier Garde eta Javier Iriarte izan ziren agerraldian. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Hautsak harrotu zituen bideoaren bigarren zatia aurkeztu du eta abenduaren 21erako txistorrada antolatu du

Bertako komertzioen biziraupena bermatzeko egindako sentsibilizazio kanpainaren inguruko azalpenak eman ditu Baztango Bertan elkarteak.  Elkartea sortu zenetik, 12 urte pasatu dira dagoeneko, eta bere esloganak erraten duen bezala “ Bertan Bizi, Bertan Erosi, Bertan Gozatu” Bertan Baztanek gogor lan egin du zonaldeko herrien defentsan eta baita sustapenean ere. Horien artean dago egunotan egin duen kanpaina: duela egun batzuk hain ezagun egin zen bideoa eta berrikiago argitara eman duten bigarrena.

 

Izan ere, zenbait jarduera eta kanpaina egin izan dituzte. Zenbait sentsibilizazio kanpaina egin ondotik, populazioaren zati batean (perfil jakin batzuetan) eragin handiegirik ez duela izan konturatu zen Bertan elkartea.

Aurten, Europako Gizarte Funtsak emandako diru laguntza bati esker, Nafarroako Gobernuaren eta Cederna Garalurren bitartez jasotakoa, “Bipolar CreaciónAudiovisual” enpresaren zerbitzuak kontratatzea erabaki zuten. «Jesus Iriartek, enpresaren izenean, ideia proposatu zigun eta guk proiektua aitzinera eramatea erabaki genuen. Gure helburua jendearen arreta piztu eta gu entzutea zen eta… Lortu dugu! Eta orain, zuen guztion arreta eskuratu dugunez, sentsibilizazio kanpaina honen bideo nagusia ikusteko aukera izanen duzue», aipatu zuten prentsaurrean Angel Arraztoa eta Javier Garde, Bertan Baztan elkarteko ordezkariek. Lehen bideoan parte hartu zuten Isabel Gonzalez eta Javier Iriarte ere izan ziren agerraldian.

Bideoan ageri denez, nahiz eta Bertan Baztanek hamabi urte daramatzan gogor lanean, 38 komertzio baino gehiago itxi dira Baztanen azken hamar urte hauetan. «Kontsumoan eman diren aldaketek eta gure herrietatik jendeak alde egiteak eragin negatiboa izan du gure komertziotan. Nahiz eta gaur egun 642 lanpostu arriskuan egon, gure bailarako ekosistema ere arriskuan dago, eta hau benetan kezkagarria da. Gure bailaran dabilen euro bakoitzak Baztango sare sozial, ekonomiko eta kulturala bizirik mantentzen laguntzen du», aipatu zuten.

Lehenbiziko bideoak hautsak harrotu zituela garbi dago, baina horren inguruko azalpenak ere eman zituzten: «Zer erran handia izan duen kanpaina baten hasiera izan da. Kontziente gara erabaki arriskutsua hartu genuela lapurretaren bideoa grabatzerakoan. Ez genuen espero hainbertze tokietara iritsiko zenik eta are gutxiago, hain azkar. Baina hau ezinbertzekoa izan da zuek, gu entzun eta hemen gaudela erakusteko. Ez ditugu heroiak behar, gure kaleak, herriak eta komertzioak bizirik mantentzeko jendea behar dugu!». 

Azkenik, bideoan agertzen diren protagonistei eskerrak eman eta minduta sentitu diren guztiei barkamena eskatu zuten merkatariek: «Arreta deitzeko eta bigarren bideoak nahi genuen eragina izateko broma bat izan da lapurretarena».

 

Txistorrada ortziralean

Bertze aldetik, azken hilabete honetan Nostromo Producciones,Dolores Redondoren Trilogiaren bigarren eta hirugarren zatiak grabatzen aritu da Baztanen. Bertako herritarren eta komertzioen kolaborazioa eskertzeko, festa ekitaldi bat finantzatu dute. Lehenengo bideoari esker Baztango Txistorrak hartu duen ospea dela eta, Santo Tomas egunean, abenduaren 21ean, ortziralean 20:00etan txistorrada bat egitea pentsatu dute, Elizondoko Ziga Margolariaren plazan. «Hortaz, denei gonbitea luzatzen dizuegu!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun