Hautsak harrotu ditu Bertan Baztango Merkatari, Zerbitzu eta Ostalaritza Elkartearen bideoak

Ttipi-Ttapa 2018ko abe. 13a, 11:24

Salmenta aldetik gaizki dabiltzala adierazi nahi izan dute lapurreta bat irudikatu duten bideoarekin

«Bideoan ageri dena ez da egiatan gertatua. Krisian gaude eta komertzio ttikiak gaizki pasatzen ari garela adierazi nahi izan dugu». Halaxe jakinarazi du Pako Altzugarai elkarteko kideak. Kanpainaren lehenbiziko bideoa da sare sozialetan eta komunikabideetan bolo-bolo dabilena, eta bihar bigarrena argitaratuko dute.

 

Altzugaraik Ttipi-Ttapari jakinarazi dionez, ez zuten espero momentuan halako erantzuna izanen zuenik. «Luzera begira bai, baina ez hain agudo». Gaineratu digunez, «medioetan ere agertu da, eta estatuko medio batean kontrastatu gabe eman dute bideoa». Hala, egoerak bultzatuta, kanpainako bigarren bideoaren argitalpena aitzineratu behar izan dute: «hasiera batean, astelehenean ateratzeko asmoa genuen, baina halako arrakasta ikusita ortziralean aterako dugu». Helburu bera izanen du bigarren bideo horrek: «jendea sentsibilizatzea». Altzugaraik «orain arte jendea sentsibilizatzeko kanpaina aunitz» egin dituztela azpimarratu nahi izan du «baina jendeak ez dio halako kasurik egin». Honek, ordea, «arrakasta haundia» izan du eta «jendea bigarren bideoaren esperoan dago».

Altzugarairen hitzetan, «beharbada, jendeak lapurreta ikusita segurtasunik ez dagoela ulertu izanen du. Are gehiago, «gehien-gehienek bideoan gertatutakoa sinetsi dute», baina Baztango merkatariak garbi utzi nahi izan du bideoaren helburua «hor gaudela adieraztea» izan dela, «krisian gaudela eta komertzio ttikiak gaizki pasatzen ari garela».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun