erran.eus

Bertze nekazaritza eredu baten alde mintzatu zen Jose Bové Elizondon

  Gizartea  Baztan  Elizondo

Mixel Berhokoirigoin Euskal Herriko Laborantza Ganbarako lehendakari ohia ondoan zuela luzaz mintzatu zen, Landa Begiradak izenburuko jardunaldien barnean

José Bové Frantziako nekazari-sindikalista eta europarlamentaria entzuteko Elizondoko Arizkunenea kultur etxeko sabaiak gainezka egin zuen larunbatean.  Landa eremuen eta nekazaritzaren etorkizunaz aritzeko gonbidatu zuen Baztango Udalak, Hazitik hozie elkartearen laguntzarekin. Mixel Berhokoirigoin Euskal Herriko Laborantza Ganbarako lehendakari ohia ondoan zuela luzaz mintzatu zen, Landa Begiradak izenburuko jardunaldien barnean.

Bertze nekazaritza eredu baten alde mintzatu zen Jose Bové Elizondon
Hazitik Hozie elkarteko Mikel Azkarate, Mixel Berhokoirigoin eta José Bové Arizkunenean. | Ikusi handiago | Argazki originala

 

Bovék Larzacen, bere sorterrian bizi izandako esperientzia kontatu zuen, azpimarratuz, bertze nekazaritza eredu bati buruzko bidean lehendabiziko lana nekazari izatearen harrotasuna berreskuratzea izan zela. 1968 inguruan ustiategietaz solasean hasi ziren, ustiategi arduraduna e.a. eta beraiek nekazari edo baserritar izatea aldarrikatu zuten. Ustiategiek lehengaiak produzitzen dituzte, nekazariek elikadura. Nekazariak lurraldea eraikitzen laguntzen du, konpromiso soziala du… Hortaz, administrazioak paratu zien ustiategi arduradun etiketa kendu eta nekazari gisa harro agertzen hasi ziren.  Nekazal lurren eskuragarritasunaz ere mintzatu zen. Espekulazioa motzean kontu behar dela eta nahiz lurra jabetzan izan, lurra ondare kolektiboa dela eta gizarteak gisa horretan arautu behar duela. Nekazal lurren salerosketarekin ematen den espekulazioa galerazteko salmenta zergak goratzea proposatu zuen. 

Bertzalde, erakundeek uste dutenaren kontra, dinamika ekonomikoa dinamika sozialak ekartzen duela erran zuen. Jendeak herrian gelditu nahi duela erabakitzen duelarik, orduan hasten da hori hala izateko alternatiba ekonomikoaen eraikuntzan. Hortaz, proiektu handien kontrako borrokek, alternatiba ekonomikoaren eraikuntza ekartzen dutela erran zuen. Modu horretan, Erdiz eta Aroztegiko proiektuak kritikatu zituen eta Nafarroako Gobernua egiten ari den dekretua ere bai, 1200 behi buru artioko behitegiak baimenduko dituelako. 

Halaber nekazariak eta gainerako herritarrak elkartzearen beharraz solastatu zen. Nekazarien rol soziala elikagaiak egitea da, baina hori herri proiektu baten barnean egin behar da. Nekazariak eta herritarrak elkarturik eredu industrialaren eta krisi klimatikoaren aitzinean alternatibak sortzen ahal dira. Jendarteak ez du nekazaritza industriala ulertzen glisofato eta pestiziden erabilera, transgenikoak… Jendarteak kalitatezko elikagaiak nahi ditu, hortaz, bidea nekazaritza iraunkorra da proiektu sozial, ekologiko eta ekonomiko zabalago baten barnean. Bidenabar, alternatiben eraikuntza galerazten duen ereduaren kontra borrokatu behar dela erran zuen

Ildo horretan, nekazaritza industriala salatu zuen, nekazaritza ttipiarekin akitzen baitu, landaguneak hustuarazten, klima aldaketa sortzen duen metanoa isurtzen eta animaliak gaizki tratatzen. Gainera energetikoki ez da bideragarria, bazkak bertze tokietatik ekartzen dituelako. Bertze lurraldeen bizkar egiten den nekazaritza dela erran zuen. Eta nekazaritza industrialari ez zitzaiola PAC laguntzarik eman beharko.

Akitzeko heldu den PAC berriari buruz mintzatu zen. Iduri duenez Europak PACera bideratuko duen aurrekontua dezente murriztuko da eta horrek bertze nekazal eredu bati buruz ibiltzeko zailtasunak ekarriko ditu.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa