Uholde planeko uhateak prest dituzte Elizondon eta Sunbillan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2018ko aza. 8a, 07:01

Jaime Urrutia karrikako auzotarrek eta sunbildarrek nola erabiltzen diren ikasteko jardunaldi teoriko-praktikoa izan zuten azaroaren 7an

Uholdetarako larrialdi planaren baitan uhateak jartzeko (H20 Proiektuaren barnean) prestakuntza tailerra egin zuten azaroaren 7an, Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean. Uholdeen aurkako uhateak paratzea onartu eta horretara konprometitu diren Elizondoko Jaime Urrutiako auzokide eta merkatariek eta Sunbillako bizilagunek parte hartu zuten ekitaldian.

 

Prestakuntza praktikoa egin zuten, uholdeak gertatzen direlarik autobabeserako uhateak nola paratu ikasteko eta, era berean, gehiago ikasi zuten uholdeen kudeaketa hobetzeko, eta jendearen eta komunitateen autobabesa sustatzeko moduaz, uholde arriskuei eta mehatxuei aurre egite aldera.

 

Teoria eta praktika

Ekitaldia hasteko, ongietorri solasak eskaini zituzten Joseba Otondo Baztango alkateak, Amets Inda Sunbillako alkateak  eta Eva Garcia Balaguer, Nafarroako Gobernuko Ingurumeneko zuzendari nagusiak. Luis Sanz Azkarate, GAN erakundeko uraren alorreko arduradunak H2Ogurea proiektua aurkeztu zien laburki parte-hartzaileei.

Ondotik prestakuntza tailerra egin zuten, uholdeak direnean uhateak paratzeko, CAG Canalizaciones-eko Jesus Irigoienek gidatua. Azalpen orokorra eman zuen, uholdeen aurkako uhateen funtzionamendua eta paratzeko modua erakutsiz eta gero saio praktikoa egin  zuten, auzokide eta merkatari bakoitzak uholdeen aurkako bere uhatea paratu zuen leku berean eta argibideak eman eta zalantzak argitu zituzten Jaime Urrutia karrikan eta Sunbillan

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun