Belateko errepide zaharreko obrak bisitatu ditu Ayerdik, tuneletako lanak hasi bezperan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2018ko eka. 1a, 15:33

Manu Ayerdi presidente ordea, Herrilan saileko ordezkariekin Belateko mendatean.

Mendatea igotzen duen errepidea egokitzeko lanetan 1.612.059,91 euroko inbertsioa egin da 

Manu Ayerdi, Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako presidenteordeak NA-1210 errepideko obrak bisitatu ditu ekainaren 1ean, Almandoz eta Belateko tuneletako moldatzen lanak hasi bezperan. Lan hauek ekainaren 4an hastekoak dira eta, hortaz, astelehenetik aitzinera, errepide zaharra erabiltzen hasi beharko da Iruñera joateko edo Iruñetik gure eskualdera eta Irun aldera joateko. Belateko mendateko lanak egiteko 1.612.059,91 euroko inbertsioa egin da.

 

Astelehenetik aitzinera, beraz, NA-1210 errepide hau erabili beharko dute gidariek. Irunerako norabidean debekatua egonen da bertze ibilgailuak aitzineratzea eta Iruñerako norabidean, zizkulazio noranzko berean karril bat baino gehiago dagoenean bakarrik izanen dute aitzineratzeko aukera ibilgailu arinek. Txirrindulariek ere ezin izanen dute errepidea erabili.

Lanei dagokienez, zola berritzeaz gain, errepide bazterrak garbitu dira, babes-hesiak berritu eta seinalizazio bertikala eta horizontala paratu da. Mendatearen hasieran ibilgailuak aparkatzeko eremua egokitu da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun