128 kirolarik eguraldi kaxkarrari aurre egin eta akitu dute Iruritako I. Mendi Duatloia

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2018ko mai. 28a, 09:49
Gizonezkoen podiumeko koxkarik gorenean Juan Mari Indakoetxea lesakarra eta Aitor Begino igantziarra. Agoitz Altzugarai eta Ibai Bereau lesakarrak hirugarren izan ziren.

Bakarka Ibai Alba hernaniarra nagusitu zen eta binaka, gizonezkoetan Juan Mari Indakoetxea lesakarra eta Aitor Begino igantziarra eta emakumezkoetan Itziar Etxeberria elizondoarra eta Josune Berho lekaroztarra 

128 kirolarik parte hartu zuten maiatzaren 26an Iruritako lehen Mendi Duatloian. Eguraldi kaxkarrari aurre egin behar izan zioten, euria, oinezturak eta ostotsak izan baitzituzten lagun lasterka egin beharreko 10 kilometrotan (600 metroko desnibelarekin) eta mendi bizikletan egin beharreko 21 kilometrotan (850 metroko desnibelarekin).

 

Sailkapenei dagokienez, ibilbide osoa bakarka egin zuten hamalau lagunen artean, Hernaniko Ibai Alba erraz nagusitu zen, bi ordu, 17 minutu eta 34 segundoko denborarekin. Iruñeko Thibaut Bertrand bigarren izan zen (2:31:45) eta Doneztebeko Igor Agestak osatu zuen podiuma (2:35:54).

Ibilbidea binaka eta txandaka egin zutenen artean, berriz, gizonezkoetan, Juan Mari Indakoetxea lesakarra eta Aitor Begino igantziarra izan ziren bizkorrenak (2:10:28). Bigarren postua Mikel Zuriarrain eta Ugaitz Olaizola oiartzuarrentzat izan zen (2:13:32) eta hirugarrena Agoitz Altzugarai eta Ibai Bereau lesakarrentzat (2:15:16).

Emakumezkoetan, berriz, Elizondoko Itziar Etxeberria eta Lekarozko Josune Berho izan ziren garaile (3:09:00); Zubietako Mikele Etxekolonea eta Berroetako Sarai Maritorena bigarren (3:26:44) eta hirugarren postuan batera helmugaratu ziren Maite Erize eta Mari Jose Aleman iruritarrak eta Arizkungo Totu Iturzaeta eta Lekarozko Miren Meoki (4:16:33)

Bikote mixtoei dagokienez, Gipuzkoako hiru bikotek osatu zuten podiuma: Usurbilgo Irati Larrañaga eta Idiazabalgo Josu Urrestarazu izan ziren bizkorrenak (2:31:14); lau segundora bigarren izan ziren Garazi Artola eta Aritz Pagola usurbildarrak (2:31:18) eta hirugarren sartu ziren Hondarribiko Koldo Garcia eta Donostiako Begoña Julian (2:37:11).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun