Pisu astunenetan bezala, arinenean ere txapelketako tiraldi guztiak irabazi zituzten Beti Gazteko gizonezkoen eta emakumezkoen A taldeek. Mutilen taldean, Gerardo Telletxea, Agoitz Altzugarai, Unai Gurrutxaga eta Karmelo Mitxelena laukotea suertatu da txapeldun, Beñat Ordoki laguntzaile eta Joxe Angel Mitxelena entrenatzaile dutela.
Beti Gazterekin batera, Txantreak eta Berriozar A tadeek osatu dute podiuma. Kaskallueta laugarren izan da, Berriozar B bosgarren eta Antsoain seigarren.
Beti Gazteko bi taldeak emakumeen finalean
Emakumeetan, berriz, Beti Gazteko bi taldeen artean jokatu zuten finala. Beti Gazte B eta Berriozar bigarren postuan berdinduak gelditu ziren eta finalean sartzeko desenpatea egin behar izan zuten. Emozio handia izan zen, lehen tiraldia lesakarrek irabazi baitzuten, bigarrena nuloa izan zen eta hirugarrena Berriozarrek irabazi zuen. Hortaz, laugarren tiraldia ere egin behar izan zuten eta honetan Beti Gazte B gailendu zen, finalerako txartela lortuz. Beti Gazte A eta Beti Gazte B taldeen arteko lehian Beti Gazte A nagusitu zen. Lesakarrekin batera Berriozarrek osatu du podiuma eta Antsoain laugarren izan da.
Emakumeen talde txapeldunean Amaia Leiza, Udane Arbelaitz, Udane Loidi eta Ainhoa Ubiria aritu ziren tiran, Irantzu Goienetxe laguntzaile zutela.
Txapeldunorde izan zen Beti Gazte B taldean Aitziber Goienetxe, Kristiñe Txoperena, Arritxu Muxika eta Karmele Pikabea aritu ziren, Oihana Mindegia laguntzaile zutela. Bi taldeetan Joxe Angel Mitxelena aritu zen erakusle.
Berriozar eta Basaburua txapeldun 20 urtez beheitikoan eta kadetetan
20 urtez beheitiko txapelketan Berriozar suertatu da txapeldun, Basaburua A bigarren, Araxes B hirugarren, Araxes laugarren eta Basaburua B bosgarren.
Kadete mailan, aitzineko saio guztietan bezala, finalean ere garaile suertatu zen Basaburua, txapela jantziz. Iñigo Aritza izan da bigarren, Berriozar hirugarren, Andra Mari laugarren eta Anar bosgarren.