Euskaraldia erronkaren aurkezpena eginen dute martxoaren 1ean Baztanen

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2018ko ots. 28a, 11:12

Ortzegun arratsaldeko 8etan eginen dute Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean

Baztango euskalgintzak antolatuta, martxoaren 1ean arratsaldeko 8etan Arizkunenea Kultur Etxean Euskaraldiaren aurkezpena eginen dute.

Eneritz Rekarte, Baztango Euskara Teknikariak aipatu digunez, «aurten erronka interesgarria heldu zaigu Euskal Herrira, Euskaraldia izenekoa, eta Baztan erronka honen parte izatea nahi dugu. Baztan euskararen arnasgune dugu eta euskaraz daki gehiengoak. Ezagutza maila altua dugu, aldiz, erabilerarena apalagoa da. Arlo, lagun, leku… zehatz batzuekin/batzuetan gaztelania erabiltzeko joera dugu nahiz eta bi aldeek euskaraz jakin. Beraz, egitasmo honen helburua hizkuntza ohiturak aldatzea da, euskarak Baztanen lasai aski arnasa hartu dezan».

Euskaraz jakin edo ulertzen dugun pertsonak aktibatuta, hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa da, eguneroko bizitzan gaztelaniara jotzeko ditugun inertziak hautsi nahi dituena. Saiakera pertsonala eta kolektiboa izanen da, herritarrek eta instituzioek batera landuko dutena. «Baztanen herritar anitz gara euskaraz bizi eta arnasa hartzen jarraitu nahi dugunak, bihotzetik ahora ekarri nahi dugu euskara, ahoak bizi-bizi jarri eta belarriak prest entzuteko»” dio euskara teknikariak. 

2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte, 11 egunez euskaltzaleak aktibatuta egotea da helburua. Horretarako, hainbat gauza egin beharko dira, giroa berotzeko eta ahalik eta herritar gehienek parte hartzeko. 

«Euskararen normalizazioan pausu handia suposatu dezake honek eta gure eskualdeko euskaltzaleak elkartu nahi ditugu bertan, eta zuek gure artean izatea gustatuko litzaiguke. Lan honetan Udalak badu bere erantzukizuna, noski, baina instituzioek bakarrik ezin diogu erronka honi erantzun» dio Baztango euskalgintzak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun