Elizondoko plazako eraikinaren urteko mantentze-lanak 30.000 euroko kostua izanen lukeela erantzun dio Baztango Udal gobernu taldeak Geroa Bai-ri

Ttipi-Ttapa 2018ko urt. 30a, 10:55

Geroa Baik plazako eraikinerako proposatu dituen zerbitzuak bertze eraikinetan eskaintzen direla aipatu du Udal gobernu taldeak.

Proposatutako Zerbitzuak gaurgero eskaintzen direla oroitarazi du eta Baztanen bertze gabeziak badirela aipatu du

Elizondoko plazako eraikinari buruz Geroa Baik erran dituenen inguruan Baztango udal gobernuak kontu batzuk argitu nahi izan ditu ohar baten bidez.

 

Hasteko, Geroa Baik plazako eraikina akitu nahi badu umiltasun gehiago beharko lukeela uste dite EH Bilduk eta Ezkerrak, «aipatu eraikina baztandarrek hartutako beren oinordetza ezin kaskarragoa baita». Hori erranik plazako eraikinean eman beharreko zerbitzuei buruz Geroa Baik aipatzen dituenak: bake epaitegia, kultura eta kirola, turismoa… Zerbitzu horiek gaurgero ematen direla oroitarazi du Udal Gobernu taldeak.  «Hortaz, eraikin berriak zerbitzu publiko berriak emateari buruz ez du deus berririk suposatuko, baina bai mantentze-lana eta gastu arrunta igateari buruz. Izan ere eraikin berriaren urteroko mantenimendu gastuak 30.000 euro ingurukoak izanen direla argitu beharra baitago (garbiketa 20.419, argia eta berogailua 8.273 eta igogailua 1.600). Eta datu hori herritarrek jakin behar dute: hau da, zerbitzu bera emateagatik gastu arrunta handiagoa izanen dela».

Bertze aferekin jarraikiz, Geroa Baik lortu duen 100.000 euroko laguntza nominatiboak zer pentsa ematen dio udal gobernu taldeari, «zeren prentsan heldu den bezala landa garapenetik eskuratu badu, argi dago eraikinak landa-garapenarekin deus ikustekorik ez duela. Aldi berean, iduri luke Geroa Bairendako Baztango gabezirik handiena beren eraikina dela, ohartu gabe Baztanen gabezi aunitz daudela».  

Akitzeko, 2016ko aurrekontuetan hitzartutako 30.000 euroei buruz, «Geroa Baik ongi dakien bezala plaza moldatzeko eta berritzeko erabili zen, bertan ziren metalezko pergolak hondaturik arriskua baitzekarten», dio Udal gobernu taldearen oharrak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun