Nafarroako aurrekontuko 100.000 euroak Elizondoko plazako eraikinean inbertitu ditzan eskatu dio Baztango Geroa Baik udal gobernu taldeari

Ttipi-Ttapa 2018ko urt. 18a, 12:40

Azkeneko zazpi urteetan Elizondoko udal eraikinean ez dela deus egin salatu du Geroa Baiko udal taldeak.

Zerbitzu publikoak hobetu nahi ditu eta orain arteko utzikeria eta abandonu itxura alde batera utzi

Baztango Geroa Baik, Udalean EH Bildu eta Baztango Ezkerrak osatzen duten udal gobernuari eskatu dio 2018ko Nafarroako Aurrekontuetan dauden 100.000 euroak Elizondoko plazako eraikinean inbertitu ditzan, haran osoko bizilagunei eskaintzen zaizkien zerbitzuak hobetzeko helburuarekin. 

 

Geroa Baiko Udal taldeak esplikatu duenez, Nafarroako Parlamentuak 100.000 euroko zuzenketa onartu zuen aho batez, Geroa Baik egindako proposamenaren ondorioz, eraikin horren hobetzeko. Aldi berean, udal gobernuak eraikin horrekin agertzen duen nagikeria kritikatu du, «azkeneko 7 urtetan ez baita lanik egin han. Utzikeria eta abandonu itxura erakusten du eraikinak, haranaren irudiak merezi ez duena».

«Elizondoko plazako eraikina haran osoko bizilagunei eskaintzen zaizkien zerbitzu publikoak kokatzeko asmoarekin proiektatu zen: Turismo Bulegoa, Bake Epaitegiak, Kultura eta Kirol arloko bulegoak, ekitaldi zibilak egiteko areto bat, NANaren edota Iratxe Kontsumitzaileen Elkartearendako unean uneko bulegoak bilduko zituen erabilera anitzeko aretoak, bai eta gaitasun eza duten pertsonendako komun publikoak instalatzeko ere», gogorarazi du Baztango Geroa Baik.

Udal taldearen ustez, «ezinbertzeko garrantzia du lanen akitzeak eta eraikin honen abian jartzeak, orain bertze zerbaiterako eta zailtasunekin ibiltzen diren espazioak libratuz hola. Bake Epaitegiak, konparazione, Herriko Etxetik urrun gelditzen dira, bi eraikinetan eskaintzen diren zerbitzuak elkarren artean aski lotuak badira ere».

Baztango Geroa Baik gogorarazi nahi du 2016an koalizioak EH Bildu eta Baztango Ezkerraren aurrekontuei bere babesa eman ziela, aurkeztutako hiru zuzenketa onartu ondoan. Horietako batean 30.000 euro bereizten ziren eraikin honen lanekin hasteko «baina ez da deus egin hola onartu baldin bazen ere, eta horrek erran nahi du udal gobernuak ez dituela bete gure taldearekin, eta haraneko bizilagun guziekin hartu zituen konpromisoak».

Horregatik guziagatik, Geroa Baiko udal taldeak udal gobernu taldeari eskatzen dio «lanen akitzea behingoz serio har dezan» eta azpimarratu du «obrek bere osotasunean 180.000 euroko kostua badute ere, 2018ko Nafarroako Aurrekontuetan bereizi diren 100.000 euroak lanen hasteko bulkaldi ederra direla».

 «Eraikinaren lanekin akituz gero gure haraneko bizilagunei zerbitzu hobeak emateko moduan jarriko garela uste dugu, eta gu zerbitzu publikoen hobetzearen alde izan gara beti», gaineratu du Baztango Geroa Baik. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun