Domingo Etxandi pilotari erratzuarra omendu du Pilotarien Batzarrak

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko ira. 27a, 07:37

Domingo Etxandi erratzuarra eta Panpi Ladutxe azkaindarra, 1974ko Munduko pilota txapelketan Uruguay-en.

Urriaren 1ean ohoratu dute Donibane Lohizunen egindako urteko ospakizunean

Pilotarien Batzarra elkarteak Erratzuko Domingo Etxandi pilotaria omendu du Donibane Lohizunen urriaren 1ean, igandean egin duen urteko ospakizunean. Pilotarien Biltzarra 1957. urtean Donibane Lohizuneko "Maitena" trinketean sortu zen. Pilotarien Biltzarrak pilotariak, pilotazaleak eta pilotaz arduratzen diren pertsonak biltzen ditu. Urtero besta-asanblada herri desberdin batean antolatzen da, aurten Donibane Lohizunen.

 

Egun hortako ekintzak mezarekin hasi ziren, gero elkartearen asanblada, pilota partidak, erakusketak eta bazkaria. Bazkal ondotik, postretan, omenduek bere omenaldia jasotzen dute. Aurten, Domingo Etxandi Inda erratzuarra omendu dute.

 

Domingo Etxandi Inda Erratzuko Gamioan jaio zen 1950eko irailaren 12an eta eskuz aritu zen. 15 urterekin hasi zen Nafarroako Pilota Federazioan eta 17 eta 18 urterekin Espainiako txapeldun izan zen jubenil mailan; bi final horiek Iruñean eta Donostian jokatu ziren eta bere bikote kidea Oreja III izan zen.

Uruguay-en 1974. urtean jokatutako VII. Munduko Pilota Txapelketan brontzezko domina lortu zuen eskuz banaka trinketean. Final erdia Panpi Ladutxeren kontra galdu zuen (argazkian). Ladutxek urrezko domina irabazi zuen; C. Iraizoz uruguayarrak, zilarrezkoa.

Frantzian jokatu zen VIII. Munduko Pilota Txapelketan (1978) zilarrezko domina lortu zuen eskuz binaka trinketean. Bere bikote kidea Etxebeste aranaztarra izan zen. Finala Berhouet-Houseet frantziarren kontra galdu zuten.

Elizondoko Antxitonea trinketean jokatzen ziren txapelketak hamaika aldiz  irabazi zituen eta Euskal Herri osoan jokatzen ziren trinketeko txapelketetan Antxitonea ordezkatu zuen.

Beti afizionatu mailan jokatu zuen. Bere semea Miguel Etxandi (gaur egungo Erratzuko alkatea)ere pilotaria da. Baztan-Erreka Paxaka txapelketetan parte hartzen du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun