Espainiako gerran erahil zuten Francisco Mulari omenaldia egin diote Oronoz-Mugairin abuztuaren 6an

Ttipi-Ttapa 2017ko abu. 7a, 12:50
Ricard Mula, emazte, seme-alaba eta bilobekin, Oronoz-Mugairin aitari egin zioten omenaldian. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Bizi den seme bakarra, 84 urteko Ricard Mula izan zen ekitaldi hunkigarrian, seme-alaba eta bilobekin batera

Espainiako gerran erahil zuten Francisco Mula Castrori omenaldia eskaini diote abuztuaren 6an, igande eguerdian Oronozen, Oronoz-Mugairiko herriak eta Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak antolatuta. Omenaldi ekitaldiaren ondotik, oroitarria jarri dute Francisco Mula eta Concepcion Roca senar-emazteak beraien semeekin bizi ziren Iraolaenearen atarian. Hain zuzen, 1937ko urtarrilaren 25ean aita etxetik eraman zutenean lau urte zituen Ricard Mula Roca semea, emazte, seme-alaba eta bilobekin izan zen ekitaldi hunkigarrian.

 

Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak eta Ricard Mula berak jarri zuten Stolpersteine bezala ezagun diren urre-koloreko oroitarria Iraolaenea atarian. Nafarroako Parlamentuko ordezkariak ere izan ziren Oronozen, bertzeak bertze Iñaki Iriarte (UPN), Virginia Aleman (Geroa Bai) edo Marisa De Simon (IU-EB), baita Baztango udal zinegotzuak ere, hala nola Mikel Ortega (EH Bildu), Florentino Goñi eta Iñigo Iturralde (Baztango Ezkerra) eta Ruben Ziganda (Geroa Bai), baita ekitaldia sustatu zuen Ruth Peña Tena Oronoz-Mugairiko alkatea ere.

AFFNA 38 Nafarroako Fusilatuen Elkarteko Jokin De Carlosek aipatu zuenez, «Nafarroako errepide bazterretan 3.452 pertsonen gorpuak egon daitezke, ezberdin pentsatzeagatik torturatu eta erahil zituztenak» eta horrelakorik berriz errepika ez dadin lan egitera animatu zuen. Bittor Elizagoien bertsolariak bertsoa kantatu zuen eta Koldo Plá historialariak Adoquines olerkia irakurri zuen. Unai Torres eta Amaia Garate neska-mutikoek Aurreskua dantzatu zuten, Maialen Baraibar eta Xabier Marcosek txistua jotzen zuten bitartean.

Ricard Mulak bihotzez eskertu zuen ekitaldia. 84 urterekin, ustez Lantzeko bidegurutze inguruan hil zuten aitaren gorpuzkinen bila segitzen du oraindik.

 

Fernando Mikelarenaren hitzaldi aurkezpena ortziralean

Igandeko ekitaldia baino lehen, abuztuaren 4an, arratseann Oronoz-Mugairiko Batzartokian, Fernando Mikelarena historialari beratarrak ‘Muertes oscuras – contrabandistas, redes de evasión y asesinatos políticos en el país del Bidasoa (1936) bere azken liburuaren aurkezpen solasaldia eskaini zuen.

Liburu honetan eta bertze zenbaitetan lortutako dokumentazioaren arabera, hauek izan ziren Baztanen Gerra Zibilakk utzi zituen hildakoak: 

AMAIUR: PÍO JAIMERENA MIURA (gaur egun oraindik erregistratu gabeko heriotza), Lino MITXELENA LARRAIN, Nicasio ZALDAIN JAIMERENA, eta Tomás SANCHEZ BERROCAL; ARIZKUN: Angel MIKELARENA AYOROA eta  Juan CINCAMBRE LAMOT (Manex); BERROETA:  Valeriano ILZAUSPE IRIARTE eta Mª Francisca ITURRALDE OLAETXEA; ELBETE: José ETXEBERRIA; ERRATZU: Francisco VALENTIN PAREDES; IRURITA: Perico ADIN eta Ciriaco DIAZ PASTOR; LEKAROZ: Xalbador ELORGA ZOZAIA; ORONOZ-MUGAIRE: Francisco MULA CASTRO eta Miguel CATALAN ARELLANO.  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun