Baztandarren Biltzarrako kideek diotenez, «guk geuk erabaki genuen elkarte honetako kide izan eta besta honen ardura gure gain hartzea, eta zinez gustura eta aski kontent ibili ohi gara; izan ere, lana handia bada ere, gure arteko giroa eta bestak ematen diguna gehiago da».
Baina, aldi berean, pertsonak dira eta denetara ailegatzea ezinezkoa zaienez, «laguntza eskatu behar izaten dugu maiz DENONA den besta hau aitzinera ateratzeko. Aunitzek disposizio osoa erakusten badute ere, bertze aunitzek trabak, aurpegi txarrak eta kexak erakusten dizkigute, guri fabore pertsonalak egiten ariko balira bezala». Egoera honek elkarteko kideen artean zauria eta batez ere kezka handia sortu du.
Asteartean, mahai baten inguruan kide gehienak elkarturik, honek horrela jarraitzeak zentzurik ote duen galdetu zioten bere buruari; «Guk gure sentsazioak eta iritziak garbi ditugu eta orain pilota zuei pasatzeko tenorea ailegatu dela uste dugu: baztandarrek besta honen inguruan benetan zer pentsatzen duzuen eta honen alde zer egiten duzuen eta zertarako prest zaudeten jakin nahi dugu. Zuen iritziek, ekarpenek eta zalantzek garrantzi handia dute eta horien berri izateko zein modu erabiliko dugun hausnartzen hasi gara: inkesta, galdeketa, aurrez-aurreko bilerak…».
Gauzak horrela, bestaren gaineko sentsazioak atzentzen utzi gabe, lanean hasiak dira. Egoerak egiazko hausnarketa eskatzen duela uste dute eta ez dute baztertzen urte osoa horretarako behar izatea: «Pazientzia pixka bat izan eta laster izanen duzue gure berri».