Almandozek, ‘Tunelaren inaugurazioa, a ze espektazioa!’ orga karrikarratu zuen, Almandoz eta Belateko tunelen inaugurazioaren 20. Urteurrenean.
Amaiurrek, ‘Jauntxoena, frantzesena, espainolena… Noizko herriarena?’ izenburupean Borda Jauregia Zahar Etxe moduan erabiltzeko eskaria egin zuen.
Anizek, ‘Auzolana eta pintterdia: Aniz eraikitzen’ izenburupean auzolana eraman zuen karrikara.
Berroetak, ‘Baserriko lanak: belarrak’ egiten erakutsi zuen.
Zigak ‘Maitena zinea’ gogora ekarri zuen, duela 50 urteko kartelera eta guzti.
Azpilkuetak dultzea egitea antzeztu zuen.
Erratzuk, ‘San Martinetan aldaire, maizterrak jaunaren etxetik aire!’ izenburupean, maizterrak etxeko nagusiari ordainketa egin beharreko eguna eakutsi zuen.
Arizkun, ‘1975ko azaroak 20’ izenburupean, Francoren heriotzaren berri izandakoan maisuak klaseak suspenditu zituenekoa gogoratu zuten.
Oronozek, San Martin maristen eskola erakutsi zuen.
Arraiozek, ‘Herrie utziz urrunera neskato’ izenburuarekin, Iparraldera eta Frantzialdera neskato joandako emakumeak gogoratu zituen.
Iruritak zikiro jatea eraman zuen orgara, Lekarozen ‘Lekauzko tellariko labaderua’, Gartzainek ‘Buruekin zare itia’, Elbetek ‘Maixterra izatearen miseria’ eta Elizondoko Sagatsak-Belatzak taldeak ‘Diktaduraren kontra egotearen ondorioak’, Francoren garaian balleko errepideak egitera behartu zituzten langileak gogoan.
Guztien artean, epaimahaiaren ustez, Zigak apaindutako ‘Maitena zinea’ izan zen orgarik dotoreena, bigarren saria azken hiru urteetan irabazle izan zen Gartzainek eraman zuen eta hirugarrena Berroetak.
Desfilea akitzean, mutil dantza egin zuten plazan, eta, ondoren, herri bazkari jendetsua izan zen, 1.400 lagunekin. Bazkalondoan, Baztandarren Biltzarreko mezua irakurri zuten, sari banaketa egin, eta bertzelako animazioak ere izan ziren.