Lekarozko ikasleek aipatu digutenez, «diskoan denetara 7 kantu daude, bortz edo seiko taldeetan egin ditugu kantak. Hasmentan, ikasle bakoitza kantu edo melodia bat sortu behar zuen, eta gero, taldeetan, aukeraketa bat egin genuen». 15-16 urteko 30 bat ikaslek prestatu dute diska, eta musika arloan, maila guztietakoak direla onartu dute: «Ikasle batzuek ez dute problemarik izan instrumentuak jotzerako orduan, eskolaz kanpo ikasi dutelako. Bertze batzuk berriz, internetetik tutorialak ikusita edo irakaslearen laguntzaz ikasi dute, ukelelea, bajua, bateria, gitarra, adibidez». Kurtso hasmentan armonia oinarri batzuk eta nola konposatu ikasi zuten, kanta eta estilo ezberdinen analisia eginez. Finale izeneko programa bat erabiltzen ere ikasi zuten, «programa honen bidez melodiak sortu genituen, ariketa moduan, gero amankomunean jartzeko. Taldeak egin eta eta pixkanaka kantak moldatzen, lantzen,… hasi ginen. Gero entsaioen garai ailegatu zen eta hilabeteak eman genituen horretan: melodia ezberdinak ikasi, instrumentoak jotzen ikasi, tenpoak ongi eraman, letra ongi egokitu… Behin kantak ongi ikasi genituela, arratsalde batez grabaketa egin genuen (Protools programarekin)», diote.
Sustraietatik
Ikasturte osoko lan horren emaitza da ‘Sustraietatik’. Baina diska ez da salgai izanen. «Ez dugu salduko. Ikasle bakoitzak bi eramanen ditugu, bat guretzat eta bertzea nahi dugunari oparitzeko. Musika departamentuan bat geldituko da eta laguntzaileei ere bana oparituko diegu».
Diskaren azala eta gailera ere 30 ikasleek diseinatu zuten, bakoitzak bat. «Bozketa bidez bat aukeratu eta batxilergoko lehenego mailako diseinuko ikasleek hori digitalizatu zuten programa berezi batekin, bakoitzak bere interpretazioa eginez. Berriz bozkatu denen artean eta orain diskoan ageri dena da irabazi zuena», aipatu digute.
Garbiñe Leiza musika irakaslea izan dute lagun diskaren ibilbide honetan. Irakasleak jakinarazi digunez, «ikasleek hasieran uste dut ez zutela sobera sinisten honetan eta gogorik gabe bezala aritu dira prozesuaren zati batean, baina batez ere grabazioa egin genuenetik jarrera eta motibazioa aldatu da eta ilusioa nabaritu diet. Horren aintzinetik ere lana egin dute, instrumentuak jotzen ikasi dute, horrek lana eskatzen du». Zailena nahasketak eta masterizazioa izan direla iruditzen zaio Garbiñe Leizari: «Mundu berri bat da hori neretzat eta ordu pila bat sartu arren ez dudala deus egin iduritzen zait. Bertze guztia antolaketa izan da, ez hainbertze lana».