Ernesto Prat baztandarrak ‘Telleria eta gero, zer?’ liburu berria aurkeztu du

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko mai. 17a, 14:43
Ernesto Prat Urzainqui, liburuaren aurkezpenean.

Donostiako Elkar estudioan egindako aurkezpen ofizialaren ondotik, maiatzaren 19an Lekarozen aurkeztuko du bere hirugarren eleberria

Ernesto Prat Urzainik ‘Telleria eta gero, zer?’ bere hirugarren eleberria aurkeztu du maiatzaren 17an, Elkar argitaletxearen eskutik. Donostiako Elkar estudioan egin du aurkezpena idazle baztandarrak, Xabier Mendiguren editorearekin batera.

 

Donostiako aurkezpen ofizialaren ondotik, maiatzaren 19an, ortziralean 20:00etan Lekarozko Hiru Iturri ostatuan eginen du aurkezpena Baztanen, Idazleekin Solasean eta Lekarozko gazteen eskutik.

 

Sinopsia

Sarako Gaztetxean egindako kontzertu batetik bueltan, egundoko bestondoarekin eta guardia zibilen kontrol batekin topo egin ondoren, giza hezur batzuk eta pakete arraro bat deskubrituko ditu Lurrak, obra-hondakinen artean. Misterio hori, gainera, nahastu egingo da Baztanen, herritarren nahiaren kontra, egin nahi duten plan urbanistiko erraldoi batekin. Musikaren erritmoan eta kamiseta erreibindikatiboen konpainian, hainbat pertsonaia eta gertakari nahasten dira eleberri beltz honetan: sekta ultrakatolikoak, kontrabando arkeologikoa, momia egiptoarrak, psikiatrikoko gaixoak, rock kontzertuak, besta eta parranda, eta, batez ere, protagonista ahaztezin bat: Lurra, neska bizizale eta urduri bat, Baztan bukolikoaren irudia zapartatzera datorrena.

 

Ernesto Prat Urzainki Berriozarren jaio zen 1978an eta Baztanen bizi da gaur egun. Era guztietako lanetan ibilia da, baita Skalariak taldeko tronpetajole ere. Ilegalizazioen aroan, 2008an, ihes egin behar izan zuen. 2012an atxilotu zuten, eta bolada batean kartzela zenbait ezagutu ondoren libre geratu. Gorderik zegoen garaian hasi zen idazten, denborari aurre egitearren. Hainbat sari irabazi zituen, eta bi liburu argitaratu ditu gaur arte: Hiru ilargi laurden (2013), Orpoz orpo (2014). “Arnoa esklabuendako” bloga dauka, eta Nobela Beltzaren Astea antolatzen duen (H)ilbeltza kolektiboko partaidea da.


Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun