Elizondoko plazaren berritze lanak maiatzaren 16an hasi dira

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko mai. 15a, 14:59
Elizondoko plazako markesinak urratzen hasiko dira asteartean eta lanak akituta, argazkiko itxura hartuko du.

Lanek 49.125 euroko kostua izanen dute eta Mariezkurrena eraikuntza enpresak eginen ditu

Maiatzaren 11n, joan den ortzegun goizean Baztango udalak eta Mariezcurrena eraikuntza enpresak Elizondoko plazako lanak egiteko kontratua sinatu zuten eta berritzea abiatzeko alderdi juridiko eta tekniko guztiak loturik lanak asteartean, maiatzaren 16an hasi dira. Egin beharrekoak BEZ gabe  49.125 euroko kostua izanen du eta udalaren gain 23.083 geldituko da; gainerakoa kontratistak ezkutuko akatsen kontzeptu gisa ordaindu beharko du. 

 

Plaza berritzeko kontratua sinatuta asteartean plazako markesinak eskuz urratzen hasiko dira eta ondoko asteetan kioskoa eta belar-parterrea eginen dituzte. Lanak ongi bidean ekainaren akaberarako eginen dira, nahiz kontratuan uztailaren 14 artioko epea ematen den. Behin lanak akituta, plazak argazkian ageri duen itxura hartuko du. Proiektuak Elizondoko Herriko Batzarraren on-ikusia du. Joan den buruilaren 28an egindako batzarrak Laborra arkitektuak egindako proposamenari baiezkoa eman baitzion. 

 

Markesina hondatuak

Elizondoko plaza berritzeko arrazoi nagusia markesinak hondaturik daudela da. Plaza egin eta guttira kanpoko giroa (euria, haizea…) markesinak hondatzen hasi zen. Udaleko teknikariek egindako txostenaren arabera ezkutuko akatsengatik. Horregatik, markesinen konponketa egin ahal izateko udala plazaren proiektua idatzi eta egin zutenekin harremanetan paratu zen. Alta, obraren egileak, markesinen behin betiko konponketarik ez zuela bermatzen ahal erran zuen, seguru aski, moldaketak egin eta 5-7 urtera berriz zartatuko zirela. Horrela, Baztango Udalak markesinen konponketarako ezkutuko akatsengatik enpresak ordaindu beharrekoa 26.081 euro (Bez kanpo), plaza eraberritzeko erabiltzea pentsatu zuen eta, horretarako, Elizondoko herriarekin orain eginen den plaza berriaren diseinua landu zuen. Proiektuak, BEZ gabe, denera 49.125 euroko aurrekontua izanen du. Udalaren gain 23.083 euro (BEZ gabe) geldituko da eta Mariezcurrenak ezkutuko akatsengatik 26.081 euro bere gain hartu beharko du.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun