Ibai Perezek lehen finala zuen, baina nagusitasun handiz irabazi zion ortziralean Xabier Ibargarairi Munduko Pilota Batzarrak antolatzen duen buruz buruko txapelketako finalean. Sestaoko atzelariak 3-0 irabazi zion Erratzukoari (10-3, 108- eta 10,-6), Bilbon, eta lehenbiziko aldiz jantzi zuen txapelik preziatuena. Sakea izan zen finaleko gakoa, txapeldunak ederki baliatu zuelako, eta erratzuarra ez zelako fin ibili errestoan. Ibargaraik, 2014 eta 2015eko finalak Fusto handiaren kontra galdu ondotik, bazuen oraingoan itxaropena, baina Perez nagusi izan zen.
Bi urte pasa dira Perezek pala profesionalean debuta egin zuenetik eta honezkero jo du goia. 26 urterekin txapelketa ikusgarria egin du, finalerdietan —sei aldiz txapeldun uzabdaji Pablo Fustoren aurka— eta finalean 3-0 irabazita. Perezek errana zuen saketik min egin behar zuela irabazteko eta nahi zuen partida atera zitzaion. Lehen jokoan 10-3 irabazi zuen.
Partidako jokorik orekatuena bigarrena izan zen. Ibargarai 5-3 eta 8-5 irabazten joan zen, baina Perezek buelta eman zion hormabikoz eta zabalera sakatuz. Tanto bikainak egin zituen. 8-9koa, erraterako, saketik egin zuen, hormabikoz. Joko hori galtzea bizkarreko handia izan zen Ibargarairentzat eta azkenekoan nabaritu zitzaion (10-6). Erratzukoak ez zuen bere eguna izan eta hamazazpi huts egin zituen. Perezek guztira egindako tantoen erdia baino gehiago dira horiek.
Finalaren aitzinetik hirugarren eta laugarren postuak zehazteko partida jokatu zuen eta Pablo Fustok Esteban Gaubekari irabazi zion. Gaubekak, sorbaldako minez, bertan behera utzi zuen partida lehen bi jokoak galdu ondoren.