Geroa Bairen udal taldeak mozio bat aurkeztu zuen proposamen honekin Udalbatzaren azken osoko bilkuran, 9 aldeko botorekin onartuz (UPN, Baztango Ezkerra, Baztango Geroa Bai eta Auzolanean) eta aurkako 4 boto jasoz (EH Bildu).
«Aroztegia proiektuari buruzko berariazko batzorde bat sortzea beharrezkoa dela uste dugu, bere lehen fasean obrak aurki hasiko baitira, bai eta proiektuaren konplexutasunaren aurrean, alor ezberdinen arteko lankidetzan garatzen ari baita», azpimarratu du Baztango Geroa Baik, gaineratuz modu arras positiboan baloratzen duela proposamen horrek baztandarren ordezkarien artean lortutako «gehieneko babesa».
«Arras positiboa deritzogu batzorde horrek Baztango Udalaren gehiengoaren babesa edukitzea, herritaren ordezkari den heinean, udal ordezkari guztien betekizun eta betebeharra baita proiektuari buruzko informazio gehien edukitzea bere lana ahalik eta hoberen eta gardentasun gehienarekin burutzeko», azpimarratu du Baztango Geroa Baik.
Mozioan, batzordea bi hilabetez behin biltzea proposatu zuen Baztanen Geroa Bairen udal taldeak, «edozein udal taldek edo batzordeko edozein kidek eskatuta bilera deitzeko aukera izanik».
Modu berean, onartutako mozioaren arabera, batzorde hori udal talde guztietako ordezkariek osatuko dute, bai eta udal arkitektoak, Lekarozko alkateak, Nafarroako Gobernuak izendatutako ordezkari batek eta sustatzailearen aldetik bertze ordezkari batek.