Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Aroztegiko proiektuaren jarraipena egiteko udal batzordea sortzea erabaki du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2017ko urt. 27a, 13:47

Kontra bozkatzerakoan bakarrik gelditu den EH Bilduren ustez, Geroa Bairen proposamena «itxurakeria hutsa da, informazioa eta ardura Iruñean baitaude»

Baztango Balleko Etxeko urtarrilaren 26ko Osoko Bilkuran Baztango Geroa Baik Aroztegiko proiektuaren jarraipena egiteko udal batzordea sortzea proposatu zuen. Proposamen horren alde agertu zen udal batzarra, Geroa Baiko bi zinegotziek ez ezik, UPNko lauak, Baztan Auzolanean-ekoak eta Baztango Ezkerrako bi zinegotziek baiezko bozka eman baitzuten. EH Bilduko lau zinegotziak kontra agertu ziren.

Proposamena «itxurakeria hutsa da», EH Bilduren ustez. Hasteko, «Aroztegiko proiektua udalez gaindiko proiektua da. Baztango konpetentzien gainetik Nafarroako Gobernuak baimendu eta bere gain hartu duen proiektua da, gainera, foru intereseko izendaturik. Hortaz, gisako batzordea Nafarroako Gobernuak sortu beharko luke. Zeren bertzenaz, irudi luke, proiektuaren gestioa Baztango Udalak duela, eta hori, gezurra da. Informazio eta ardura guztia Gobernuak du» dio EH Bilduk.

Proiektuaren tramitazioak aitzinerat segitzen du eta aitzinerat egite horretan errepartzelazio planaren eta urbanizazio proiektuaren hasierako onespenak ere etorri dira. «Eta, horrekin, –dio EH Bilduk– hainbaten ikaraldia. Alde batetik, errepartzelazio planarekin, lur jabe ttiki bakoitzak, proiektuaren garapenarengatik ordaindu beharko duena agertu delako. Baztanek adibidez lur zati batengatik 100.000 euro ordaindu beharko du».

Alta, aitzinekoaz gain, EH Bilduren erranetan bada afera garrantzitsuagorik eta, hori, «proiektu honen legitimitate sozial falta da». Lekarozen egin diren herri-galdeketa guztietan, herritarrak proiektuaren aurka agertu dira eta herriko alkatea hautatzeko azkeneko hauteskundeetan, «proiektuaren aurkako hautagaiak aise irabazi du». Modu berean, 2016ko ereiaroan Baztanen egindako herri-galdeketan, proiektuaren aurkako jarrera nagusitu zen. «Proiektu hau, bere horretan gehiago aitzinatu gabe, utzi beharra dago», uste du EH Bilduk.

Udalez gaindiko izendapen hau iruzur hutsa dela azpimarratu du EH Bilduk: «Baztango udalerriaren izaera bateratuak, udaletxeari, herri baten gaitasuna gainditzen duten proiektuak kudeatzeko ahalmena ematen dio. Lekarozek ezinen baluke, Baztan horretarako dago. Baztan, ez Nafarroako Gobernua».

Azkenik, EH Bilduri guztiz onartezina iduritzen zaio «jazarpen judizialean ari den enpresa sustatzaileko ordezkaria halako batzordean egotea. Herritarrak, hautetsi ohiak eta oraingo hautetsiak isilaratzeko helburuarekin salaketak eta auzibideak abiatu dituen eta herritarren iritzia errespetatzen ez duen enpresaren tokia ez da udaleko batzorde bat».

Laburbilduz batzorde honekin Geroa Baik bere burua zuritzeaz gain, proiektua legitimizatu nahi duela uste du EH Bilduk. «Ez bertzerik. Informazioa eta ardura Iruñean baitaude, ez Baztango Udalean. Hortaz batzorde horren eraketari “ez” erran diogu. Bidenabar, hamaikagarren aldiz, Aroztegiko gaian herritarren errana errespetatzeko eskatuz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun