Heldu den ortziralean elkartean geldituko dira afaltzeko eta barnak berotzen hasteko, baina egiazki inauteak ilbeltzaren 14an, larunbatean izanen dira. Goizeko 9:00etan Anizko mendiarte kultur elkartean elkartuko dira Aniz eta Berroetako gazteak gosaria egiteko. Gosaria egin ondotik, mozorrotu eta etxez etxe ibiliko dira musikariekin batera puxkak biltzen: xingarra, xixtorra, arrautzak... Bildutako puxkak xaretorat bildu eta xaretoa betetakoan elkarterat eramanen dute hustera, bertan izanen baitira zenbait aniztar puxketan bildutakoarekin afaria egiteko prest.
Aurten, iaz bezala etxez etxe ibiltzen direnez gain, aniztar guztiendako afaria izanen baita elkartean, ondotik Salaberrirekin dantzaldi-kantaldia gauak ematen duen artio.
Ondoko larunbatean, ilbeltzaren 21ean, gauza bera eginen dute baina hontakoan Berroetan. Aniztarrak joanen dira Berroetarat.