Kirola, ehiza eta gastronomiari buruzko solasaldia eginen dute azaroaren 25ean Iruritan

Ttipi-Ttapa 2016ko azaroaren 24a

Hilabete osoan egiten ari dira ehizari buruzko jardunaldi gastronomikoetako plateretako bat.

Baztan-Bidasoko XXIV. Ehiza jardunaldi gastronomikoen baitan, ortzirale arratsaldeko 7:30ean Olari jatetxean

Bera garaian Bertizko Partzuergo Turistikoak eta orain Baztan-Bidasoa Turismo Elkargoak antolatzen dituen ehiza jardunaldi gastronomikoen 24. edizioa egiten ari dira urriaren 28tik azaroaren 27ra arte, eskualdeko bederatzi jatetxeren parte hartzearekin. Aurten Baztango Ehiza eta Arrantza Elkarteak ere bat egin du jardunaldiekin eta Baztan-Bidasoa Turismo Elkargoarekin batera Kirola, Ehiza eta Gastronomia solasaldia antolatu du azaroaren 25ean, 19:30ean Iruritako Olari jatetxean. Abel Barriola pilotaria eta Alhambra jatetxeko Javier Diaz sukaldaria ariko dira solasean.

 

Argazki lehiaketa bigarren urtez

Ehiza Jardunaldiko II. argazki lehiaketa ere antolatu da. Parte hartu nahi duenak jatetxe hauetakoren batera hurbildu, menua eskatu eta dastatuko duen platerei argazkiak atera eta info@baztanbidasoa.com helbidera bidali beharko du. Irabazleak Baztan-Bidasoko jatetxeren batean 2 pertsonentzako bazkaria dastatzeko aukera izanen du. Lehiaketaren oinarriak jatetxeetan eskuragarri izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun