Baztan-Bidasoko XXIV. Ehiza jardunaldi gastronomikoak urriaren 28tik azaroaren 27ra eginen dituzte

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko urr. 26a, 11:25
Haizea Destribats, Belen Urrutia eta Ruben Garate, Elbeteko Posadan egindako jardunaldien aurkezpenean. Argazkia: Alicia Del Castillo

Eskualdeko bederatzi jatetxek hartuko dute parte eta, iaz bezala, argazki lehiaketa ere antolatu dute

Bera garaian Bertizko Partzuergo Turistikoak eta orain Baztan-Bidasoa Turismo Elkargoak antolatzen dituen ehiza jardunaldi gastronomikoen 24. edizioa urriaren 28an hasi eta azaroaren 27ra arte eginen dituzte. Eskualdeko Bederatzi jatetxek parte hartuko dute jardunaldietan: Bortzirietan, Aterpe eta Burlada Arantzan eta La Villa Igantzin; Malerrekan, Donamariako Benta; Baztanen, Arizkungo Ordoki, Elbeteko Posada, Iruritako Olari eta Oronoz Mugairiko Urgain; eta Urdazubin Montxo Jatetxea. Urriaren 25eean aurkeztu zituzten jardunaldiak Elbeteko posadan Irauliko Haizea Destribatsek, Elbeteko Posadako Belen Urrutiak eta Iruritako Olari jatetxeko Ruben Garatek.

 

Ehiza plater hauetan uso klasikoaz gain, birigarroak, faisaiak, basahate galeperrak, eperrak, orkatza, basurde eta oreina dastatzeko aukera izanen da, gure gastronomiako osagai ezagunez lagundurik: onddoak, lekak, piperrak… eta bukatzeko, eskualdeko esneki tipikoak eta beste postre zoragarriak ere.

Nafarroako ardoak plater hauen osagarri onak dira. Aurten ere, Iñurrieta upategi nafarrak, eta Pirineos Exdim eta Urauli enpresek jardunaldi hauetan laguntzen dute, Nafarroako Gobernuarekin batera. Oroitarazi ere jatetxe hauetako batzuk abendu hasierara arte luzatzen dutela beraien ehiza eskaintza. Menuak 27 eta 40 euro artekoak dira.

Baztan-Bidasoa Turismoak kartel bat eta jatetxe guztiak biltzen dituen eskuorri bat argitaratu ditu. Eskuorri hauek, jatetxeetan eta informazio turistiko puntuetan eskuragarri egonen dira baita www.baztan-bidasoa.com webgunean eta sare sozialetan. Menu guztiak biltzen dituen eskuorria ere argitaratu du elkargoak. Material grafiko honetarako, orain arte eskualdeko margolari baten margolana erabiltzen zen. Aurten, ordea, iaz lehen aldiz antolatu zen argazki lehiaketako argazki irabazlea erabili dute, Javier Salaberriaren ‘Taco de ciervo’.

 

Argazki lehiaketa bigarren urtez

Hain zuzen, Ehiza Jardualdiko II. argazki lehiaketa ere antolatu da. Parte hartu nahi duenak jatetxe hauetakoren batera hurbildu, menua eskatu eta dastatuko duen platerei argazkiak atera eta info@baztanbidasoa.com helbidera bidali beharko du. Irabazleak Baztan-Bidasoko jatetxeren batean 2 pertsonentzako bazkaria dastatzeko aukera izanen du. Lehiaketaren oinarriak jatetxeetan eskuragarri izanen dira.

 

Solasaldia ere

Aurten Baztango Ehiza eta Arrantza Elkarteak ere bat egin du jardunaldiekin eta Baztan-Bidasoa Turismo Elkargoarekin batera ‘Kirola, Ehiza eta Gastronomia’ solasaldia antolatu du azaroaren 25ean, 19:30ean Iruritako Olari jatetxean.

Erlazionatuak

Belen Urrutia-argazki lehiaketa

Xorroxin irratia 2016 urr 26 Mendialdea

Belen Urrutia-solasaldia azaroak 25

Xorroxin irratia 2016 urr 26 Gizartea

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun