Bidasoko Trenbidearen Mendeurreneko erakusketa Elizondon dago ikusgai

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko urr. 14a, 11:37
Arizkunenean jarriko dute ikusgai Bidasoko Trenaren mendeurrena gogoratzeko herriz herri dabilen erakusketa.

Urriaren 15etik azaroaren 7ra Arizkunenea Kultur Etxean 

Bidasoko Trenbidearen sorreraren mendeurrenaren erakusketa ibiltaria Elizondon ikusgai dago urriaren 15etik azaroaren 7ra. Astelehenetik larunbatera, 18:00etatik 20:00etara egonen da ikusgai Arizkunenean. Ondotik, Donezteben azaroaren 10etik 20ra, Zubietan azaroaren 24tik 27ra, Iturenen abenduaren 2tik 4ra, Bertizaranna abenduaren 7tik 18ra eta, mendeurrenaren ospakizunak akitzeko, Elgorriagan abenduaren 23 eta 31a bitartean egonen da.

 

“Tren Txikito”, Bidasoko burdinbideari emaniko izena burdinbidearen zabalerarengatik, 1898. urtean Endarlatsako ikaztegia Irunekin komunikatzen zuen meatze-trena zen. 1916. urtean bidaiari-tren izatera pasa zen, Doneztebe eta Elizondora zabalduz bere bidea eta 1956a arte funtzionatu zuen.

“Tren Txikitoren” mendeurrena dela eta, Cederna Garalur Elkarteko Baztan-Bidasoa Turismo Garapenak eskualdeko udal, EuskoTren eta Manuel Cariñena pribatuarekin batera eta Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuaren finantzaketarekin erakusketa ibiltari hau antolatu dute. Helburua eskualdean komunikabide honek izan zuen garrantzia eta trenari loturiko bizi-modu desberdinak gogoraraztea da. Erakusketak ateak ekainean Lesakan ireki zituen eta abendua bitarte irekita egongo da.

Elizondora ailegatu aitzinetik, Lesakan, Etxalarren, Donamarian, Donezteben, Eratsunen, Beran, Igantzin eta Sunbillan izan da erakusketa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun