Joxe Mari Ixtilart amaiurtarra eta bere txakurrak nagusitu dira Nafarroako Artzain Txakur Txapelketan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko abu. 29a, 09:18
Joxe Mari Ixtilart amaiurtarra Lagun eta Bizkor bere txakurrekin. (Argazkia: Diario de Noticias. Javier Bergasa).

 

49. Artzain Eguna izan dute asteburuan Uharte Arakilen eta hainbat txapelketa jokatu dira. Artzain Txakur Txapelketan, lehenbiziko aldiz lortu du txapela amaiurtarrak, Lagun txakurrarekin. Gainera, bigarren postua ere beretzat izan da Bizkor txakurrarekin. Toki horretan omendu dute Ixtilarten ama ere, Pilar Elizalde Jaimerena, Amaiurko Bordaxurikoa. Orain arte Nafarroako Artzain Txakur Lehiaketan parte hartu duen emakume bakarra izan delako. Gazta txapelketan, Leitzako Joxe Jabier Sestorainek laugarren postua eskuratu du eta ardi eta bildotsekin hainbat sari ere eskualdera etorri dira: Azpilkuetako Juan Jose Irungarai, Iturengo Isidro Bazterrika eta Arizkungo Irigoien Rekarte sarituak izan dira.

 

Honela gelditu da Artzain Txakur Txapelketako sailkapena:

1-LAGUN eta JOXE MARI IXTILART (325 puntu) -Amaiur.
2- BIZKOR eta JOXE MARI IXTILAR (255 puntu) -Amaiur.
3-NEGRA eta JEXUX RAZKIN (243 puntu)
4-HEGO eta MARTXEL UHALDE (188 puntu)
5-ARGI eta ANTONIO UHARTE (153 puntu)
6-ARAKIL eta JORGE OTEIZA (144 puntu) -Oronoz.
7-BAT eta ANTONIO ALUSTIZA (140 puntu) -Areso.
8-JAI eta ANTONIO ALUSTIZA (139 puntu) -Areso.
9-LIXTA eta ANTONIO UHARTE (46 puntu).
10-ARGI eta JOSETXO BILLABONA (23 puntu).
11-KATY eta JAVIER FERNANDEZ (23 puntu).

Hala, Joxe Mari Ixtilartek lortu du irailaren 17an Axpen (Atxondo, Bizkaia) jokatuko den Euskal Herriko finalera joateko txartela. Horrez gain, Nafarroa ordezkatuko du Oñatin irailaren 25ean jokatuko den Nazioarteko Txapelketan. Aldi berean, irailaren 4an Ribes de Freseren (Girona, Herrialde Katalanak) eta urriaren 5ean Castellterçolen (Bartzelona, Herrialde Katalanak) eginen diren erakusketetan ere Nafarroa ordezkatzera joanen da bere txakurrekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun