Xorroxin-i egindako sabotajea zorrotz salatu du Baztandarren Biltzarrak

Ttipi-Ttapa 2016ko uzt. 21a, 16:01

Sabotajea salatu eta ospakizunarekin segituko dutela adierazi dute Baztandarren Biltzarreko antolatzaileek. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Irratia ez duela inork isilduko eta ospakizunarekin segituko dutela azpimarratu dute

Baztandarren Biltzarra elkarteko kideak aurtengo balorazioa behar baino fiteago egitera behartuak izan dira. «Badirudi joan den igandean ez geundela denak gure besta xarmant honetan, baton batek Legate mendiaren kaskoan bertze lan batzuk zituen egiteko: Xorroxin Irratiaren antenako fusible bat bakarrik ebatsiz, irratiaren zuzeneko saio berezia isilarazi zuen. Argi eta garbi dugu sabotai bat izan dela eta zorrotz salatzen dugu». 

 

Sabotaje hau Xorroxin Irratiaren, Baztandarren Biltzarra elkartearen, eskuararen, desfilean parte hartu zuten orga guztien eta gure artean egon ezin ziren eta zuzenean irrati bidez eguna jarraitzen ari ziren entzule guztien aurkako eraso bat izan dela uste dute antolatzaileek.

Erasotzaileari ondorengo mezua eman nahi diote: «Baztandarren Biltzarra eguna ospatzen segituko dugu! Eskuara ez da isilduko, Baztango hamabortz herrietan barra-barra entzunen da! Baztango hamabortz herriek beren orgak egiten eta iritziak aldarrikatzen segituko dute! Xorroxin Irratia ez du inork isilduko! Eta entzuleek bertze komunikabideei esker, aurtengo besta ere jarraitu ahal izan dute».

 

Bi apustu garrantzitsuren arrakasta

Alde iluna alde batera utzita eta balorazio ekonomikoaren faltan, Baztandarren Biltzarra elkarteak adierazi du besta arras ongi atera zela etakontent daudela jendearen erantzunarekin: «Aurtengo gure bi apustu garrantzitsuenen arrakasta azpimarratu nahi dugu: Batetik bazkariko menuan egindako aldaketa, aunitz gustatu eta eskertu delako, eta bertzetik, birziklapenean emandako aurrerapauso handia. Eskermile besta hau posible egiten duzuen guztiei! Heldu den urte artio!».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun