Xorroxin Irratiaren aurkako sabotajea egin dute Baztandarren Biltzarra egunean

Xorroxin irratia 2016ko uzt. 18a, 11:54

Legaten, norbaitek fusible bat kendu zuen atzo, argindarra eten eta ondorioz, Baztandarren Biltzarreko programazio berezia ixilarazi. 

Xorroxin Irratiak atzo sabotajea pairatu zuen Legaten. Urtero bezala, Baztandarren Biltzarra egunaren harira, Xorroxin Irratiak programa berezia prestatua zuen. Goizeko 11etan hasita, Baztandarren Biltzarra eguneko nondik norakoak zuzenean jarraitzen ari zen Xorroxin, hala ere, 2 orduz emititzen aritu ondotik, eguerdiko ordu batak aldera, emisioa eten zen, gure uhinak ixildu egin ziren. Ezustekoa izan zen, programa ezin bukatu gelditu baitziren. Legatera hurbildu ziren matxuraren arrazoia jakiteko asmoz. Izan ere, Legaten dagoen etxolan Xorroxin Irratiaren tresneria dago, antenaz gain. Legatera hubilduta, etxolako argindarraren kaxa zabaldu ondotik, sorpresa jaso zuten. Fusible bat falta zen. Norbaitek fusible bat kendu zuen, ebatsi zuen eta ondorioz, argindarrik gabe gelditu ziren. Fusible bakar bat kendu zuten, nahikoa argindarrik gabe gelditzeko. Ez zuten deus gehiago kendu edo ebatsi, ezta gainontzeko fusibleak ere. Bat bakarrik. Nahikoa Xorroxin Irratiaren emisioa oztopatzeko. Jada konpondu du afera Xorroxinek. Kontuak kontu, atzoko programa ezin bukatu gelditu ziren. Xorroxin Irratitik diotenez, «sabotai argi eta garbia. Baina nork egin du? Zergatik? Eta atzo. Zergatik atzo? Baztandarren Biltzarra egunean, zuzeneko emisioa egiten ari ginenean. Kasualitatea da? Xorroxin Irratiak gogor salatu nahi du atzo jasandako sabotaia. Oztopoak oztopo, Xorroxin Irratiak aitzinet segituko du. EZ GAITUZUE IXILDUKO!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun