Sortzez sunbildarra izan arren, ongi ezagutzen ditu Maitek Elizondoko txoko eta sekretu gehienak «dagoeneko 15 urte daramatzat Elizondon bizitzen eta udalean lanean zazpi». Baztan eta inguruko errepideetan dabilen emakumeen pelotoiko kide ere bada «Bizikume taldeko kidea naiz. Nik berriki ezagutu dut taldea eta orain dela hilabete pare bat egin nintzen kide».
Emakumeen presentzia handitzeko
Bizikume taldea duela bi urte sortu zuen Erkuden Almagrok, helburu garbi batekin «neskak bizikletan ibiltzera animatzea, gero eta neska gehiago ikustea txirrindularitzan eta batez ere ongi pasatzea eta disfrutatzea».
Umetatik gustatu izan zaio Maiteri bizikletan ibiltzea, «baina errepidean nahiko berria naiz, orain dela hiru urte hasi nintzen. Gaztetan nire anaia Doneztebeko talde batean ibiltzen zen eta berekin batera familia guzia joaten ginen lasterketetara. Gustatzen zitzaidan bizikleta.15 urte nituelarik nire aitari erran nion ni ere gustora ibiliko nintzela bainan kontutan izanda Sunbillatik N-121 pasatzen zela ez zidan utzi. Eta orain animatu naiz».
Talde anitza
Bakarrik baino taldean aldapak errazago igotzen direla jakinik, Baztanen taldetxoa sortu dute bizikletan elkarrekin ibiltzeko «aberasgarria da jende gehiagorekin joatea». Elkarren artean duten giroa «hagitz ona» dela azpimarratu digu «mota eta adin guzietako neskak gaude: profesionalak izandakoak, berriki hasitakoak, zikloturistak… denak arrazoi eta helburu desberdinekin. Elkarrekin egun ona pasatzeko prest».
Irteera bat baino gehiago egin dituzte eta «edozein lekura joateko prest nago» dio gogotsu «egunerokoan Izpegiko buelta aunitz gustatzen zait. Egia da inguruan leku zoragarriak ditugula» gaineratu digu. Egindako irteeren artean, berriz, bereziki gogoan du Iruñan egindakoa «50 neska elkartu ginelakoz. Jendea harrituta gelditzen zen pelotoia ikusten zuelarik».
Batzuek harridurak harridura, «nabari da emakume gehiago dabiltzala errepidean gero eta gehiago ikusten dira eta nik uste hau hasiera dela, gehiagora joanen dela. Horren adierazle bat da neskentzako bereziki produktuak diseinatzen hasi direla ikustea.
Bizikletari emateko atseden egunak?
Elizondoko bestak iristen direnean, ez dakigu bizikletari erabateko atsedena eman edo tartean igoko ote den gainera, baina «egunez sortzen den besta giroaz gozatzeko gogoa , aperitiboa lasai hartzekoa... » omen du. Orain arte, bestazalea izan dela ere aitortu digu nahiz eta «orain haurrekin lasaiago bizi ditudan. Bestondoak izugarrizko pereza ematen dit!».
Besten ondorenerako asmoak ere argi ditu «oporretara joatea!» ongi irabazitako atsedenaldiaz gozatzeko.