Denbora-pasa gisa hasi zena, bere bizitzaren ardatzetako bat bihurtu da Saioa Jaurenarentzat «duela 10 urte hasi nintzen errugbian jokatzen. Institutuan probatu nuen eta hasieran denbora-pasa hutsa zena serioago hartu eta jokalari bezala hobetzen joan naiz».
Ilusioa oztopoen gainetik
Pixkanaka osatu du bere bidea«Iruñeako taldean hasi nintzen eta gero Getxora joan nintzen. Baionan urte bete egin dut eta Zeelanda Berrian bertze bat. Aurten berriz ere Getxora bueltatu naiz». Selekzioarekin jokatzeko aukera izatekotan ezinbertzean atera behar izan zuen etxetik kanpora «eman beharreko pausoa izan zen, talde handiago batera joan beharra izan nuen. Liga konpetitibo batean aritu beharra dago, hobetu eta selekzioarekin jokatzeko aukera iristea nahi baduzu».
Jokalari indartsua da Saioa«atakea gustuko dut baina defentsan aritzen naiz gehien» azaldu digu. Defentsarako gaitasun horrek eman dio agian aitzinera egiteko behar izan duen indarra «ez da bide erraza, azkenean kirol ttikia da gurea, laguntza aunitzik ez duena. Aitzinera egin nahi baduzu, zure gain hartu behar dituzu gastu guztiak:bertze talde batera joateak, entrenatzera joateak... dakartzan gastu eta aldaketa guztiak. Baina,ilusio eta nahiak dena gainditzen du».
Lanaren emaitza
Iritsi den mailara iristeko sekretua «konstantzia» da bere ustez «entrenatzean dago gakoa, erreztasun gehiago edo gutxiago izan ahal dituzu jokoan baina, entrenamendu serio bat ematen baduzu eta konstante izan ezkero bakarrik iristen dira emaitzak». Selekzioarekin jokatzen ari da Saioa eta aitortu digunez, «bertan sartzea kosta egiten da eta gero lan egin behar duzu postua mantentzeko, gibeletik heldu den jende gaztea indartsu dator eta».
aukeratu beharra
Entrenamenduak, ikasketak, lana... uztartzea ere ez da erraza «ikasketak bukatu arte ongi eraman nituen biak, baita selekzioan sartu nintzenean ere. Orduan ez nuen aukeratu beharrik izan baina, gerora bai. Orain adibidez ikasitako horretan lanean aritu beharrean, udako lanak hartu behar izaten ditut gero urtean zehar errugbian aritu ahal izateko. Entrenatuak, partiduak, kontzentrazioak.... baldin badituzu ez da erraza ohiko lan egutegi eta ordutegi batekin moldatzea».
Bestarako tartea ere bai
Datozen asteetan,herriko bestetaz gozatzeko tartea ere hartuko du «Zugarramurdiko taberna batean ari naiz lanean eta goizean barraren alde batean egon ondotik, Elizondora ailegatu bezain pronto barraren bertze aldera joanen naiz». Kirolari izanda, badaki zaindu beharra duela «bertzenaz entrenamenduan egindakoak ez baitu deustarako balio. Horregatik, egunero ez naiz aterako baina pare bat egun, bai, hartuko ditut... Lanetik ateratakoan, arratsaldean buelta bat eman, lagunekin afaldu eta lasai gustura egonen naiz eta ahal baldin badut kuadrilla eguna goizean goizetik disfrutatuko dut». Egun berezia izaten baita herrian sortzen den giroagatik «urte osoan zehar, kuadrilla bakoitza bere aldetik ibiltzen da baina, bestak iristen direnean elkartu egiten gara. Lanerako, bestarako... polita izaten da. Horixe da niretzat Elizondoko besten bereizgarria».
Udaran atseden gutti
Eta besten ondotik, berriro ere, zelai berdera itzuliko da, «errugbi denboraldia neguan izaten da baina aurten ez dugu atsedenerako tarterik izanen. Selekziorako entrenatzea tokatuko zaigu urrian Europako txapelketa jokatuko dugulako». Garaipena lortu ezkero, 2017an Irlandan jokatuko den mundialerako sailkatuko lirateke «helburu hori lortzeko gure hoberena eman behar dugu».Orain arte lortutakoa ikusita, eskura dute ametsa...