Herrietako bestetako kontuak

«Adinarekin bestak bizitzeko modua aldatzen da baina orain ere disfrutatzen dugu»

Ttipi-Ttapa 2016ko uzt. 21a, 11:43

Pello MAIA MARTIKORENA

«Elizondarra eta baztandarra, biak bate­ra». Hala sentitzen dela onartu digu Pe­llo Maia Martikorenak. Izan ere, nahiz eta Lekarozen sortua izan, «urte batekin gurasoak Elizondorat etorri ziren bizitzerat, eta 50 urte baditut Elizondon».


50 urte Elizondon, eta 50 aldiz baino gehia­go odola emateagatik urrezko intsignia jaso du berriki. Nafarroako Odol-Emaileen Elkarteak 50 aldiz baino gehiago odola eman dutenak saritu zituen joan den ekainaren 12an Iruñean, eta tartean zen Pello bera. Kontatu digunez, aurten 25 urte beteko ditu odola ematen hasi zela: «1991ko urrian hasi nintzen eta geroztik, eskaeraren arabera, urtean bi edo hiru aldiz eman izan dut odola». Gustura egi­t­en duen gauza bat dela aitortu digu: «ez da deus ere gostatzen eta erraza da. Gaine­ra, odola behar-beharrezkoa da, eta aunitzetan ez gara ohartzen zein garran­tzitsua den». Horregatik, jendea odola ematera animatu nahi izan du.


Baina odola emateagatik baino gehiago, bere lanbideagatik egin da ezagun Pello Elizondon eta Baztanen. Baztango Udaleko guarda da eta erran digunez, «aurten 26 urte eginen ditut lan honetan». Hasmentan, «lehendabiziko bozpasei urteetan», mendian aritzea egokitu omen zitzaion: «landaketak, egur loteak markatu... Orain, mendiko guardek egiten dutena egiten nuen. Orain bi guarda klase gara, baina lehen ez, eta denetarik egiten genuen». Gaur egun, berriz, karrikan egoten da, eta «batez erez, udaltzain lana» egiten omen du, «trafikoa eta halakoak», dio.


Bere lanetik gogorrena «salaketak para­tzea» egiten omen zaio, baina gaineratu digunez, «jendeak batzuetan hitzekin bakarrik ez du kasurik egiten eta denun­tzia egin behar izaten da». Baztandarra izaki, jende guztia ezaguna du, baina beretako hori ez dela arazoa adierazi digu: «jendearekin ongi moldatzen naiz eta ez dut arazorik izaten. Bakoitza nolakoa den ere zerikusia izanen du eta ni frango­ irekia naiz jendearendako, solas egiteko aise naiz, eta hori nire onerako da».

Santioetan lana eta besta
Baina dena ez da lana, eta herriko bestak ere maite ditu. Horregatik santioetan lana bai, baina bestarako tartea ere hartzen du. Bezpera du egunik gustukoena, «ani­matuagoak eta freskoagoak egoten garelako». Baina azken eguna ere «polita» dela dio: «Gaixoa ni ikusteko polita da». Adinarekin bestak bizitzeko modua aldatu dela ere aipatu digu: «orain afaldu, lagunekin egon, plazara buelta bat eman, aperitiboa hartu... Horrela ibiltzen gara. Lehen, 24-25 urtere­kin, dena ematen genuen, gaupasa eginez. Baina adinarekin, mentalitatea eta gorputza aldatu egiten dira. Orain ere disfrutatzen dugu, bai­na bertze maneran». 52 urterekin, «arras ongi» pasatzen omen ditu bestak, baina nabarmendu digu, «bere garaian­ bestak aunitz disfrutatutakoa» dela.


Aurten ere asmo horrekin aterako da Elizondoko karriketarat Pello, «tokatzen zaidanean lana eginez, baina aukera denean, besta pixka bat eginez. Herriko bestak dira eta!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun