Herrietako bestetako kontuak

«Bestetako aurrekontua ez da haundia, eta urtetik urtera gutiagora doa»

Ttipi-Ttapa 2016ko uzt. 21a, 11:36

Elizondoko Besta Komisioko kide batzuk, tartean Loinaz Azurmendi, beheitian, ezkerretara.

Loinaz AZURMENDI I  Elizondoko Besta Komisioko kidea

«Mendira joatea, musika entzutea, lagunekin egotea, baratzea lantzea, eta orain, udan, hondartzara joatea». Zaletasun horietxek dituela kontatu digu Loinaz Azurmendi Gaztelumendi elizondarrak. Afizioz horiek, eta ofizioz, berriz, erizaina da. Bere hitzetan, «beti ikasten aritzea eskatzen duen lanbidea da. Oposaketak, ikastaroak...».


Egunerokoa alde batera utzita, aurten estreinakoz, Elizondoko bestak antolatzeko Besta Komisioan ere sartu da. Aitortu digunez, «aspaldi nintzen komisioan sartzeko gogoarekin», bere irudiko «herriko bestak he­rritarren artean antolatzea arras positiboa» delako. Hama­bortz lagun biltzen dira Besta Komisioan, eta Loinazen arabera, «talde polita osa­tzen dugu». Martxo aldera egin omen zu­ten lehenbiziko bilera: «lehenbiziko, plan­gintza orokor bat egin genuen, egin beharreko lanak mahai gainera ate­ra­tzen hasi ginen». Eta horretarako «bertze urteetan batzordean ibili den jendearen esperientziak garrantzi haundia duela» dio. «Hortik hasita, lanak denen artean banatu ditugu. Hala ere, denak bat bertzeari esku bat botatzeko prest gaude».


Aurten sokadantza
Aurtengo egitarauak berrikuntza bat behintzat baduela aipatu digu Elizondoko gazteak: «soka-dantza prestatzen ari gara herritar batzuen artean, Santio egunean plazan dantzatzeko».
Aurrekontuari dagokionez, berriz, ez de­la haundia adierazi digu, eta gainera­tu digunez, «urtetik urtera gutiagora doa». Gastuak finantzatzeko «komertzio eta enpresen iragarkien bidez, kaleko saltzai­leei postua jartzeagatik eskatzen zaiena­rekin, etxesariarekin eta zikiro-jateko txartelekin» biltzen dutenarekin egiten omen dute.

‘Eguneko besta, dudarik gabe’
Eguneko ala gaueko giroaren artean aukeratu beharko balu «dudarik gabe, egu­nekoa» nahiago duela azaldu digu. Bortz egunez eki­taldi saila izaten dituzte Elizondon, eta horien artean au­keratzeko eskatuta, honela eran­tzun digu: «txupinazoko mo­mentua gustuko dut, eta Fanfarreak Zig­a plazan dantza herrikoian jotzen di­tuen momentua ere bai». Egunen artean, aldiz, Zikiro Eguna omen du gustukoena. Urrutira joan gabe, badakigu non barna aurkituko dugun Loinaz uztailaren 24tik 28ra, herri­ko bestetan, «ilusioarekin» bizi dituelako eta «he­rrian sortzen den giroa gustatzen» zaiolako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun