Igande goizeko 11:30ean hasita, ezagutza jolasekin ongi etorria gauzatuko da. Ondoren, Mikel Altzuarten eskutik, Amaiurko monolitora bisita gidatua eginen dute gaztetxoek eta segidan, goizeko tarteari amaiera emateko, Amaiurko eskolan Nafarroako Bertsopaper Lehiaketako sari banaketa ekitaldia eginen da. Arratsaldean berriz, bat-bateko saiotxo bat antolatuko da ikasleekin eta bertsogintzarekin lotutako jolasek itxiko dute egitaraua.
Klaseko jarduna osatzeko helburuarekin eta ikasleen elkar-ezagutza handitzeko xedez egiten den ekimena da honakoa.
Gaur egun, 18 urtetik beheitiko 228 ikaslek lantzen dute bertsolaritza eskola orduz kanpo. Astean behingo maiztasunez, bertsogintzaren oinarriak eta irakaspenak jasotzearekin batera, ahozkotasuna eta gaitasun komunikatiboak garatzen dituzte besteak beste, transmisio bide den giro ludiko batean.