Irurita Bk irabazi du paxaka txapelketaren hamaseigarren edizioa

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko ots. 29a, 08:48
Txapeldun, txapeldunorde, hirugaren eta laugarren sailkatuak, antolatzaile eta laguntzaileekin.

Otsailaren 27an Aranabian jokatutako finalean 9-5 irabazi zion Irurita Cri

Baztan-Errekako paxaka txapelketaren hamaseigarren edizioko finala jokatu zen otsailaren 27an iruritako Aranabia pilotalekuan. Herriko bi talde izan ziren aurrez aurre eta azkenean Irurita B (Gorka Urtasun, Karlos Goikoetxea eta Jon Sansiñena) 9-5 nagusitu zitzaion Irurita Cri (Iñaki Etxandi, Guillermo Etxenike eta Mitxel Etxenike).

 

Nahiz eta azken emaitza nahiko argia izan, Irurita B taldearen garaipena ez zen batere erraza izan, joko guztiak arras borrokatuak izan zirelako. Galtzaileek emaitza hobea merezi izan zuten; joko guztietan 40ra ailegatu ziren, baina jokoa ezin lortu. Maila handiko partida luze eta orekatua izan zen. Markagailuari dagokienez: 0-1, 2-1, 2-2, 4-2, 4-3, 6-3, 6-5 eta 9-5.

Final nagusiaren aitzinetik, hirugarren posturako lehia jokatu zuten Irurita D (Oskar Urrutia, Egoitz Prim eta Jagoba Ramos) eta Irurita Fk (Joseba Urtasun, Patxi Barberena eta Miguel Angel Iñarrea). Honetan, espero baino lehia gutiago izan zen eta Irurita D 9-2 nagusitu zitzaion Irurita Fri (3-0, 3-1, 8-1, 8-2, 9-2).

Txapelak eta sariak Pello Obregozo Iruritako alkateak banatu zituen. Txapelketa ongi akitzeko, Iruritako Gure Kaiola elkartean 30 lagun bildu ziren afaltzen.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun