Benito Menniko zuzendaritzak ez duela negozionatu nahi salatu du ELAk

Ttipi-Ttapa 2016ko ots. 24a, 10:32

Elizondoko klinikako Langileen Batzordeak ez du mobilizazioak egitea baztertzen 

Elizondoko Benito Menniko enpresa zuzendaritzako kideek ez dute negoziatu nahi. Alderantziz, beraien proposamenak ez baditugu onartzen, baldintza okerragoak proposatzeko aukera ez dute baztertzen. Halaxe laburbiltzen du Langileen Batzordeak Elizondoko klinikako egoera eta ikusirik nola dauden, «ez ditugu mobilizazioak baztertzen, eskualde eta inguruko jendartean jakin dezan zein egoeratan gauden eta nola ikusi gaituzten zuzendaritzakoek».

ELAk helarazitako oharrak dioenez, 2015eko abenduaren 14an izan zuten hitzarmena berritzeko lehen negoziaketa bilera. Langileen Batzordeak hitzarmen berrirako proposamena aurkeztu zuen, eta momentuko egoera ez zela ona argudiatuz, ezin zutela erantzunik eman adierazi zuen zuzendaritzak.

Abenduaren 23an egindako bigarren bilera batean hasi omen ziren langileak zuzendaritzaren egiazko borondatea ikusten. «Lan erreformak enpresei ematen dizkieten eskumen guztiak erabiltzeko aukera nahi dute, lan baldintzak deuseztea, kaleratze merkeak, sinatzen dutena ez aplikatzea… azken finean, lan prekario bat bultzatzea Benito Mennin», dio ELAren idatziak.

Aurrerapauso nabarmenin ekarri ez zuten bi bileren ondotik, Langile Batzordearen eskaerari erantzunez, proposamen berri bat ekarri zuen zuzendaritzak orain arte egin den azken bilerara, otsailaren 18an. 2016ko aurrekontuak eginak dituztela argudiatuz, langileen kostua handitzen den edozer gauzari ezezko borobila emateaz gain, orain arteko urteko lanaldia handitzea 2012-2013kora itzuliz, antzinatasuna ezabatzea… proposatzen du zuzendaritzak.

Langileen Batzordea osatzen duen ELA sindikatuaren erranetan, «langileok urte asko daramagu soldata igoerarik gabe eta azken urte hauetan, enpresako datu ekonomikoei begiratuz, irabaziak izan dituen arren, ez dute ikusi eta entzun ere egin nahi langileen kostua handiagotuko duen ezer».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun