15.893 euroko defizitarekin itxi du urtea Elizondoko herriak

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko urt. 7a, 11:47

Errege Eguneko batzarrean eman zuten alkatea eta kargodunek Elizondoko kontuen berri. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Errege Eguneko batzarrean aurkeztutako kontuen arabera, halere, 39.204,26 euroko saldoa dauka banku eta kutxetan 

Elizondoko herriak 15.893,92 euroko defizita edo diru-galera izan zuen iaz, 120.084,03 euroko diru-sarrerak eta 135.977,95 euroko gastuak izan baitzituen, Errege Eguneko batzarrean aurkeztutako kontuen arabera. Halere, oraindik 39.204,26 euroko aldeko saldoa dauka herriak banku eta kutxetan.

 

Mikel Sobrino alkateak eta Xabier Torres kargodunak gidatutako batzarrera ez zen herritar aunitz joan, 30 inguru.

Ohikoa denez, diru-sarrera nagusia herritarrek ordaintzen duten kuotatik dator, 36.495,90 euro; udazkeneko ferietako postuengatik 25.202 euro; Elizondoko bestetako sarrerak (zikiro-jatea nagusiki) 24.710,86 euro eta Balleko Etxeak 15 herriei ematen dien aportaziotik 10.931,40 euro jaso ditu Elizondok. Haurren Orakundetik 4.142 euro eta errenta ezberdinengatik 3.209,38 euroko sarrerak izan ditu herriak.

Gastuei dagokienez, handienak Santiago bestek (48.811,75 euro) eta udazkeneko feriek (8.131,75 euro) sortu zituzten. Auzolanean ere 10.378 euro joan ziren, mantenimendu eta herriko zenbait lanetan (landaketak, parrokiako erlojua eta Herriko Etxea) 8.242,64 euro eta uholdeek sortutako kalteak moldatzen 6.165,94 euro. Kanposantuari dagokienez, 11.128,67 euroko sarrerak izan ziren eta gastuak berdintsu: 11.297,85 euro.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun