Nafarroa Oinez 2015

Erriberako bi ikastolak Oinezen lekukoa hartu dute Baztan Ikastolatik

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko aza. 4a, 09:29

Viana eta Lodosako ikastolek elkarlanean antolatuko dute 2016ko Nafarroa Oinez. Baztan Ikastolako ordezkarien eskutik jaso zuten lekukoa.

Nafarroa Oinezen azken balantzean helburuak bete dituztela adierazi dute, nahiz ustezko sexu erasoak ospakizuna goibeldu

Vianako Erentzun ikastolak eta Lodosako Ibaialde ikastolak jaso dute Nafarroa Oinezen lekukoa, Baztan Ikastolako ordezkarien eskutik. Beraz, 2016ko Oinez Vianan eginen dute. Horrekin batera, azken balantze gazi-gozoa egin du Baztan Ikastolak. Gozoa, urriaren 18an bildutako diruari esker ikastolan hobekuntzak eginen direlako eta gazia, ospakizun egun hori, 4. gunearen inguruan jazo zen ustezko sexu erasoak goibeldu zuelako.

 

Baztan Ikastolatik jakinarazi dutenez, «euskararen aldeko auzolan erraldoia egin genuen, eta horri esker posibleizanen da Ikastolako leihoak berritzea eta isolamendua hobetzea. Horrez gain, Haur Hezkuntzako eraikinean sabaia goratu eta zorua aldatuko dugu, azken hau termitek josita baitago. Aldi berean, Lehen Hezkuntzako eraikinarenaren patioan estalpea paratuko dugu, gure haurrak busti egiten direlako neguan euria ari duelarik. Aurten estalpea emanen diegu, euskarari estalpea eman dieten eta diozuen guzioi esker».

Energia berriztagarrietan, garbitasunean etabirziklaian egin du lan Baztan Ikastolak eta aurtengo Nafarroa Oinezeko emaitzak arras onak izan dira. Markak hautsita, inoiz baino gehiago birziklatu dute: «bildutako 6,7 tonetatik 5’7 birziklatu ditugu, hau da, bildutakoaren %84’62».

Batzordeetan urte guztian egindako lanaren ondorioz, arrakastatsua suertatu zen Nafarroa Oinez egunaren antolakuntza. Elizondorat ailegatzeko ez zen trafiko arazorik izan, ezta aparkatzeko ere; «ostalaritzan berehalako atentzioa izan genuen denok, segurtasuna, osasungintza...dena primeran joan zen egun guztian zehar». Osasungintzari dagokionez ere datu positiboak izan dira: 87 pertsona artatu zituzten, iaz baino 65 gutxiago (iaz 152 izan ziren). Horietako 12 intoxikazio etilikoak izan ziren (iaz, Zangozan, 17).

Baina antolakuntza aldetik egunak aurreikusitako garapena izan bazuen ere, zoritxarrez, gertakari larri batek balantzea lausotu du. Ikastolako ordezkariek aipatu dutenez, «denok dakizue ustezko sexu erasoa izan zela 4. gunearen inguruan. Gertakari horren aitzinean berehalakoa izan zen antolakuntzaren erreakzioa. Berehala paratu zen martxan kasu horietarako protokoloa eta gaiak eskatzen duen zuhurtziarekin bideratu genuen dena. Honek, nolanahi ere, hausnarketarako parada eman behako liguke denoi, gizartea eri dagoen seinale baitira horrelako gertakariak. Momentu zailak bizi izan ditugu Ikastolan, ez baikenuen horrelakorik espero. Baina gertakari ilun honetatik argi pixka bat ateratze aldera, gure arteko harremana indartu egin dela azpimarratuko genuke».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun