Nafarroa Oinez 2015

Jendetza bildu du Nafarroa Oinezek Baztanen

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko urr. 19a, 08:39

Baztan Ikastolari irmoki lotuak izan diren bederatzi irakasle omendu zituzten.

Omenaldi hunkigarriak, giro bikaina eta balorazio ezin hobea egiten du Baztan ikastolak

Urriaren 18an, igande goizeko 10etan egindako zinta mozketarekin eman zioten hasiera aurtengo Nafarroako Ikastolen besta handiari. Baztan Ikastolak hartu du aurten Nafarroa Oinez antolatzeko ardura eta Baztan Ikastolan bertan izan zen inaugurazio ekitaldia. Ikastolako zuzendari Iosune Ortegaren eta lehendakaria Elena Zabaletaren ondoan izan ziren NIEko lehendakaria, Pello Irujo, Baztango alkatea, Joseba Otondo, eta baita Nafarroako presidentea, Uxue Barkos, ere. Ikusi argazkiak

 

Esker hitzak izan zituzten Ikastolako arduradunek Elizondorat hurbildu diren guztiendako, eta gogoan izan zuten Martin Garde, Ikastolako aita izandakoa, 1982ko Nafarroa Oinezen logoaren sortzailea eta duela aste gutxi zendu zena. Gogoan, halaber, Benigno Mendia, Urdiaingoa, urtero Ikastolen besta handian paellada antolatzen zuena eta duela astebete zendu zena ere. Ikastolaren eredua goraipatu zuten guztiek eta hezkuntza eredu propioa aldarrikatu zuten, «gure hizkutzarekiko errespetuan, berdintasunean eta jasangarritasunean oinarrituta».

Nafarroako Gobernuko Uxue Barkos presidentearekin batera, honako politikariak izan ziren Baztanen: Manu Aierdi, Gobernuko lehendakariorde eta Ekonomiako kontseilaria; Jose Luis Mendoza, Hezkuntza kontseilaria; Isabel Elizalde, Administraziko Kontseilaria, eta Gobernuko eledun Ana Ollo. Halaber, Adolfo Araiz eta Maiorga Ramirez, EH Bildukoak, Nafarroako Legebiltzarreko presidente Ainhoa Aznarez eta Carlos Garaikoetxea, lehendakari izandakoa, izan dira ekitaldian. Eta horiekin ere Baztango alkate Joseba Otondo eta bailarako udalbatza osatzen duten lau alderdietako ordezkariak.

 

Ekitaldi hunkigarria

Hamabortz, Ama...bat zen aurtengo leloa. 15 Ikastola daudelako Nafarroan eta 15 herri Baztanen. Hortaz, Baztango herri bakoitzeko ama bat egon da zinta kontzen. 15 ama, Ikastolek osatzen duten familiaren ordezkari. Euren semealabendako Ikastolak eskaintzen duen hezkuntza eredua hautatu zutenak eta dutenak. Gure Ama hizkuntzaren alde urteetan borrokatu direnak.

Xole Jaunsaras gartzaindarrari egokitu zaio aurten zinta moztea. Herri guztiak lerrokatuta, Gartzain erdian dago, eta hortaz bera izan zen herri eta ama guztien ordezkaria. Ekimena Martin Garde zenarendako omenaldi bilakatu zen, Xole haren alarguna baita. Negarra begietan eta familia ondoan, senarra izan zuen. Zinta moztuta, ibilbidea inauguratuta gelditu zen eta joaldunen gibeletik abiatu ziren agintariak eta Ikastolako senitartekoak Lekaroz alderat.

 

Irakasleei  eta bultzatzaileei omenaldia eguerdian

Urtetan beren ibilbidea Baztan Ikastolarenari tinko lotuta izan duten maixu eta andereñoei eskaini die omenaldia Nafarroa Oinez 2015ek. Mari Karmen Goñi, Sokorro Iñarrea, Marilu Apeztegia, Mari Paz Goñi, Kepa Dendarieta, Juanjo Atxa, Maite Iturralde, Mari Joxe Iturralde eta Jasone Altxuri adierazi die Baztan Ikastolak bere esker ona urte askoan euskarazko hezkuntza bultzatzeko bere ahalegin etengabe eta irmoarengatik.

12.00etan hasi da ikastetxeko areto horian omenaldi ekitaldia. Ikastolako ikasle ohi eta omenduetako baten (Mari Karmen Goñi andereño ohia) seme Pernan Anbustegiren aurkezpen hitzak entzunda, “Txikiak handi” ekimenari eskaini zitzaion tartea lehenik eta behin. Munduko hizkuntza gutxituen handitasuna aldarrikatu eta haien arteko zubiak eraikitzeko sortutako Nafarroa Oinezen ekimenaren garrantzia azpimarratu zuen proiektuaren koordinatzaile Unari Arellanok. Ildo honetatik, Baztan Ikastolak euskararen eta kaxubieraren -Poloniako Pomerania eskualdeko hizkuntza gutxitua- artean eraikitako zubiak eta harremanak ekarri zituen ahora. Izan ere, bizi moldeen, ohituren eta hizkuntzen elkar trukea ardatz hartuta ekintzez bete-betea izan baitute urtea Baztan Ikastolakoek kaxubiera hizkuntzarekin eta hiztunekin.

Egindako lan hori guztia eskertzeko hartu zuten ondotik hitza Poloniatik Nafarroa Oinezera etorritako kaxubierazko bi hiztunek. Artur Jablonskik, kaxubieraren aldeko elkartearen izenean, eta Anna Kosciukiewicz-ek, Kaszebe irratiko kazetariak, NIEk eta Baztan Ikastolak hizkuntza xumeen eskubideak babesteko egindako urratsak goraipatu zituzten. Hizkuntza gutxituen normalizazioaren aldeko “Txikiak Handi” manifestua sinatuz akitu zuten parte hartzea bi kaxubiarrek. 

Elisa Perotxenaren ahotsak eta Iñaki Gerendiainen gitarra doinuak entzun ahal izan ziren areto horian ondoren eta berehala heldu zen Baztan Ikastolako andereño eta maixuei omenaldia egiteko unea.

Oroigarri bana eman zitzaion omendutako bakoitzari. Eta bederatzi oroigarri-emaile izan ziren, bat omendu bakoitzeko. Baztan Ikastolako familia osatzen duen ikastolako sortzaileak, gurasoak, ikasleak zein ikasle ohiak izan ziren oroigarri-emaileak. Eta ikasle ohien artean, Baztango alkate Joseba Otondo oroigarri-emaile. Aurtengo Nafarroa Oinezko maskota, Zangotxo, irudikatzen du egurrezko oroigarriak eta Baztan Ikastolako aita batek, Joxean Iparragirrek, sortu zuen.

Ikastolen alde egindako ibilbidearengatik eskertza aitortuta, Nafarroako Ikastolen Elkarteko ordezkariek eta Baztan Ikastolako lehendakari Elena Zabaletak eman zieten eskura oroigarria Jose Luis Gorostidiriren alabari, Pedro Miguel Etxenikeri eta Antontxu Zabalzari ondotik. 

“Baldorba” abestiaren doinuek areto horia bete eta bertan bildutakoak mutu utzi zituen. Berez hunkigarria izan zen hitz eta irudi ederrez betetako omenaldia are zirarragarriago bilakatu dute Elisa Perotxenaren ahotsak eta Iñaki Gerendiainen gitarra doinuek.

Heldu den urteko Nafarroa Oinez besta antolatuko duten Ibaialde eta Erentzun ikastolei lekukoa emateko ordua ailegatu zen ekitaldiaren hondar minutuetan. Iban Izurzak hartu zuen lekukoa, Baztan Ikastolako zuzendari Iosune Ortega eta Elena Zabaleta lehendakariaren eskutik. 

 

Balorazio bikaina

Iragarpenak bete eta arrakastatsua izan zen arras aurtengo Nafarroa Oinez. 33 urteren buruan itzuli zen Nafarroako ikastolen besta Baztanerat. Aurtengoan, jasangarritasunaren aldeko apostua eginez, Ikastolako leihoak berritzeko eta isolamendua hobetzeko egin zen besta. Halaber, Haur Hezkuntzako eraikinean sabaia goratzeko eta zorua aldatzeko eta Lehen Hezkuntzakoan estalpea egiteko. «Gure haurrak busti egiten dira neguan, euria ari duenean, baina aurten estalpea emanen diegu, zuei, euskarari estalpea eman diezuen guzioi esker», aipatu dute balorazioan.

Eguraldia lagun, emozioz betetako eguna izan da, euskaltzaleei gozatzeko aukera eman diena. Antolatzaileek balorazio arras positiboa egin dute, aurreikusitako garapena izan baitu ospakizunak.

Euskaltzale andanaren berotasuna eta atxikimendua somatu dute Baztandarrek, baita erakundeen babesa ere. Babes hori euskara osasuntsu mantentzeko baliatzea izanen du erronka Baztan Ikastolak, orain arte bezala, hemendik aitzin ere.

Baztan berreuskalduntzen lan handia egin du 45 urte hauetan Baztan Ikastolak. Horren seinale, egun gure haur eta gazteak euskaraz mintzatzen direla, mintzatzen, bizitzen eta jostatzen. 14-16 urte bitarteko gazteek Erronka ekimenean parte hartu zuten. Finala, eguerdi partean Txokotoko zubitik abiatu eta 2. gunean akitu zen, eta emozioz betetako momentuak eskaini zituen. Kasualitatez, Baztan Ikastola suertatu zen gazteendako ginkana berezi honen irabazle, eta berak eskuratu zuen saria.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun